Trinitate enparantza, Kursaaleko auditorioa, San Telmo Museoa eta Victoria Eugenia Antzokietako espazio itxietan eskainiko diren kontzertuei Kursaaleko terrazetan izango diren 21 emanaldi gehituz osatu du Donostiako Jazzaldiak bere 55. edizioaren programazioa. Xehetasunak ostegun honetan eskaini ditu Miguel Martin jaialdiaren zuzendariak eta, azpimarratu duenez, kontzertu «gehientsuenak» bertako taldeek eskainiko dituzte.
«Hilabete batzuk atzera, egoera oso zaila zela ikusten zenean, Trinitate enparantza salbatzea zen nahia eta, egoerak ahalbidetzen zuen neurrian, beste espazio batzuk eransten joatea. Bide horretan argi genuen Kursaaleko terrazetan eskaini ohi ziren emanaldiak eskaintzea zela beste helburua. Kezkak, kezka –azaldu du Martinek–, bi ziren helburuak. Bata, bertako taldeentzat hain garrantzitsua den erakusleihoa mantentzea. Errealitate bat dira eta asko dute esateko. Beren espazio hori bermatzea lehentasuna zen. Bigarren helburua, jakina, segurtasun eta osasun berme guztiekin egitea».
Eta bigarren helburu hori betetze aldera etorri dira, formato aldetik, aldaketa nagusiak. Iragarri duenez, Kursaal atzealdeko bi terrazek taberna eta jatetxeetan jarraitzen den protokoloa ezarriko da. Alegia, aulkiak eta mahaiak egongo dira, eta 250 pertsonentzat lekua egongo da bakoitzean. Pertsonak heltzen doazen neurrian okupatuko dira lekuak, bete arte. «Bi metroko distantzia egongo da mahaien artean eta edariak bertara zerbitzatuko dira, ez da barrarik egongo eta jendeak ez du zutitu beharko».
Pertsonen arteko distantziak betetzen direla bermatzeko, gainera, dantza egitea debekatuta egongo da; zutitzea azken finean. Neurri guztiek ere zuzen zuzen eragin die oholtzara igoko diren talde guztiei, izan ere musika talde bakoitzeko gehienez hiru kide baino ez dira igoko eskenatokira, eta bateriak ordezkatuak izango dira honen soinuak eta izaerak dantza egiteko gogoa sustatzen baitu. Erritmo aldetik beraz, beste soinu batzuk bilatu dira. «Ganberako dei genezakeen formatuan aurkezteko eskatu diegu, perkusiorik gabe», zehaztu du Martinek.
Terrazetako emanaldiak
Lehen kontzertua hilaren 21ean izango da, 20.00etan, eta sei egunez 21 kontzertu eskainiko dira aipatu lekuetan. «Programa ezagutzen ditugun musika zein taldeetan oinarritu dugu», erantsi du. Programazioa Randy Greer Trio taldeak zabalduko du; biharamunean pasako dira bertatik Connection Trio (17.00), Around Midnight (19.00), Jaso-Gimenez-Escrich Trío iruindarrak (21.00) eta Randy Greer Trio valentziarra (bertakoa ez den salbuespena).
Hurrengo egunetan ere parte hartuko dute dagoeneko Jazzaldian aritu den Les Fous, Musikenen ikasketak amaitu berri dituzten Los Juanes eta Katapulta zirkuituan ibili diren Indian Feathers (hilaren 26an, 23.00etan) eta Lemy River (23an, 23.00etan). «Disko baten grabaketaren erdian harrapatu gaitu itxialdiak eta Jazzaldia bezalako jaialdi batean aritzea pribilegioa da oihartzun handirik ez dugun musikariontzat», adierazi du abeslariak. Beasaindik etorriko da Matilda taldea (hilaren 25ean, 23.00etan), hau ere Katapulta Tour Gipuzkoa 2020 zirkuituaren eskutik eta Donostiatik bertatik Sara Zozaya gaztea (25ean 19.00etan). Bere diskoa aurkezteko bira erabat etenda, Jazzaldiak egin duen ahalegina eskertu du prentsaurrean.
Beste bi izen propio ere eman ditu Martinek: Katapulta 2020 zirkuituan aritu den Idoia Asurmendi (hilaren 26an, 19.00tan) eta Sara Mansilla. «Jazzak eman duen ahots disdiratsuenetako bat», adierazi du Jazzaldiko zuzendariak. Azken egunean eskainiko du kontzertua, 17.30etan Zurriolako terrazan.
Txikijazz-a familientzat
Aurtengo edizioa murriztua izanagatik, duela zortzi urte txikienentzat zuzendutako programazioa ez dute bere horretan bertan behera utzi nahi izan eta kontzertu batzuk mantenduko dituzte, ez horrela ekimen osagarriak. Musika bi agertokietan eskainiko da: Tabakalerako Kutxa Kultur Terrazan, hiru euroren truke; eta Zurriolako Terrazan, doan.
Zotzigarren edizioa uztailaren 23 eta 26 bitartean ospatuko da eta lau emanaldi eskainiko dira, bina espazio bakoitzean. Maskarak derrigorrezkoak izango dira 6 urtetik aurrera eta eserlekuak iritsi neurrian esleituko dira. Kursaaleko terrazak 300 pertsona hartzeko gaitasuna du, Kutxa Kulturrek 74. Aurreratu dutenez, familiek soilik sartu ahal izango dute; hau da, gutxienez adin txikiko bat heldu batez lagunduta.
The Binilo's, Los Juanes eta Sara Mansillak osatzen dute txikiak jazz musikara gerturatzea helburu duen egitasmoaren programazioa. Sarrerak dagoeneko salgai daude.