PSEk arratsaldean itxi du kanpaina Donostian, berriro ere Estatuko gobernukide bat ekarriz, Maria Jesus Montero Ogasun arloko ministroa eta bozeramailea hain zuzen ere. Aurretik Pedro Sanchez presidentea hiru aldiz, Adriana Lastra Kongresuko eleduna eta ministro garrantzitsuak (Grande-Marlaska, Illa...) ekarri ditu aldera Idoia Mendiak, bere aukerak Madrilen egun PSOEk duen boterean oinarritzen direla garbi utziz.
Goizean ekitaldi xumeagoa egin du Mendiak, Gasteizen, Arabako zerrendaburu den Gloria Sanchezekin batera. Abertzaleengandik aldentzeko ahalegin handia egin du bertan PSErekn lehendakarigaiak. Bere hitzetan, igandeko hauteskundeetan ez dira jokoan «ez galdeketa, ez errepublika, ez eta gezurrezko itunak ere», eta hori hala izan dadin onena PSEri boza ematea da.
«Baliogarria den ezkerra»tzat du bere alderdia: «Euskadi aurrera ateratzeko gaude, osasungintza indartzeko, hezkuntza eraldatzeko, enplegu aukera berriak sortzeko...».
«Guri emandako botupaper bakoitza, guk lortutako eserleku bakoitza, Euskadiren berreraikuntza sozial eta ekonomikorako izango dira. Ez da liskarretan, zatiketan eta krispazioan PSEren boz bakar bat ere galduko», erantsi du Mendiak.
Gloria Sanchezek, bere aldetik, EAJrekin egindako itunen bitartez PSEk EAEri «egonkortasuna» eta «konfidantza» eman dizkiola nabarmendu du.