NAIZ

Erregea Euskal Herrira, Herrialde Katalanetara eta Galizara joatea gaitzetsi dute hainbat alderdik

La Llotja de Mar-eko adierazpenaren sinatzaileek Estatu espainiarreko erregeen Euskal Herrira, Herrialde Katalanetara eta Galizara bisita salatu dute, euren ustez, monarkiak bere irudia garbitzeko kanpainan pausoak eman nahi baititu herrialde hauetan.

Felipe Borboikoa eta Iñigo Urkulluren arteko agurra. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Felipe Borboikoa eta Iñigo Urkulluren arteko agurra. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

La Llotja de Mar-eko adierazpena sinatu zuten alderdiek ohar bat kaleratu dute Errege Etxeak Euskal Herrira, Herrialde Katalanetara eta Galizara egiteko dituen bisiten aurrean. «Osasuna eta Errepublikak» testua Junts per Catalunya, Crida Nacional per la República, PdeCat, CUP, BNG, EH Bildu, Esquerra Republicana, MÉS, Esquerra Valenciana eta Demòcrates de Catalunya alderdiek sinatu dute.

«Borboien ustelkeria kasu berri bat ezagutu eta egun gutxira, eta aurrekaririk gabeko krisi ekonomiko baten erdian, Espainiako monarkiak Katalunian, Valentziar Herrian, Balear Uharteetan, Galizan eta Euskal Herrian barrena paseatzeko borondatea iragarri zuen, ezer gertatu ez balitz bezala», kritikatu dute sinatzaileek.

Salatu dutenez, «ustelkeria salaketez beteta duten beraien historia zuritzeko erabili ondoren, frankismoak ezarritako monarkiak gure herriak bisitatu nahi ditu, bere irudi kanpainan urratsak ematen jarraitzeko». Gainera, gogoratu dute erregeak «Kataluniako gizarte zibilaren mezua jaso duela» eta Kataluniara egin behar zuen bisita bertan behera uztea erabaki zuela.

Azkenean, alderdiek dei egin dute «monarkia gaitzesteko deitutako mobilizazioetan parte hartzera» eta Espainiako Erresumaren aurrean Estatu espainiarreko herrietako burujabetzaren aldeko mugimendu guztiek «nork bere herritik, baina elkarrekin» jardutera. «Premiazkoa da monarkiari agur esatea eta herrien errepublikak eraikitzea», gehitu dute.