NAIZ

Espioitza politikoa salatu dute hamabost sindikatuk

Roger Torrent Kataluniako Parlament-eko presidenteak eta beste eragile politikok ustez pairatu duten espioitza salatuz, hamabost sindikatuk agiria plazaratu dute. Hauen artean, Euskal Herriko ESK, LAB eta Steilas daude.

Roger Torrent, Kataluniako Parlament-eko presidentea. (Lluis GENE/AFP)
Roger Torrent, Kataluniako Parlament-eko presidentea. (Lluis GENE/AFP)

Kataluniako Parlament-eko presidentea den Roger Torrent, parlamentari ohia den Anna Gabriel eta mugimendu independentistaren ordezkari ezberdinek espioitza jasan dutela zehaztuz azken egunotan argitaratu den informazioaren harira, gertakari hauek salatu eta ahalik eta azkarrenen gertaturikoa argitzea exijitzen dute hamabost sindikatuk.

Agiriaren sinatzaileen artean Euskal Herriko ESK, LAB eta Steilas daude, Galiziako CIG eta CUT; Herrialde Katalanetako COS, IAC, Intersindical CSC, Intersindical Valencia eta STEI Illes Balears; Estatu espainoleko Confederacion Intersindical; Asturieseko CSI; Aragoiko CUT; Kanarietako Intersindical eta Andaluziako SATekin batera.

«Espioitzarako diseinatutako Pegasus programa, soilik gobernu eta segurtasun indar ezberdinek, ‘ustez’, balizko delitu larriak jazartzeko soilik erabili dezaketen programa bat da. Pegasus programa honekin, komunikazioak kontrolatu daitezke eta espioitza jasaten ari den pertsonak beste pertsonekin dauzkan elkarrizketak monitorizatu daitezke. Balizko zuzenbide estatu batek disidentzia politikoa zelatatzeko espioitza programa bat erabiltzea onartezina deritzogu», gaineratu dute sindikatuek.

«Zoritxarrez ez da lehenengo aldia estatuko estoldek disidentzia politikoaren kontra oinarrizko eskubidek urratuz antzeko erreminta antidemokratikoak erabiltzen dituztela. Denoi datozkigu burura bere garaian LAB sindikatuak salatutako entzuketak, adibide bat jartzearren», gogoratu dute.

«Adierazpen hau sinatzen dugun sindikatuei, aurkari politikoa kontrolatzeko helburuarekin balizko estatu demokratiko batek espioitza politikoa eta entzuketa telefonikoak erabili izanak bereziki larritzen gaitu. Horrelako praktikek ez daukate tokirik eraiki nahi dugun gizarte ereduan. Aldi berean gobernuari gertakari hauek argitzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea exijitzen diogu, ardura guztiak garbitzea eta bere lan politiko, sozial edo sindikalarengatik etorkizunean inor ez dela zelatatua izango bermatzea. Sindikatu sinatzaileok, pertsona guztientzako eskubide guztien alde borrokan jarraituko dugu, etorkizunean inolako edukirik gabeko esaldi polit bat izan ez dadin», gaineratu dute.