NAIZ

Euskarazko lehen komikiaren inguruko lana osatu du Miel Anjel Elustondok

Euskarazko lehen komikiaren eta haren sustatzaile izan zen Abdon Gonzalez de Alaiza aktibista kultural musituarraren figurari errepasoa ematen dioten obra argitaratu berri du Miel Anjel Elustondok. Lanak Arabako Diputazioaren eta Arraia-Maeztuko Udalaren babesa jaso du.

Miel Anjel Elustondok idatzi du lana. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Miel Anjel Elustondok idatzi du lana. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Gure herrian, XIX. mendea mugarria izan zen euskararentzat. Hainbat ikerlari eta historialarik zehaztu duten bezala, gure mintzairak sekula ez bezalako atzerakada bizi izan zuen», azaldu du Lexuri Ugarte Aretxaga Lakuako Euskara eta Gobernu irekiko zuzendariak Miel Anjel Elustondok idatzi duen ‘Abdon Gonzalez de Alaizaren Alfabetoa’ obraren aurkezpenean.

Abdon Gonzalez de Alaiza Azazeta da liburuko protagonista, ‘Txistu’, euskarazko lehen komikiaren sustatzailea. Arabako Diputaziotik zehaztu dutenez, 1876an, foruen eraisteekin bat eginez, jaio zen Musitun, Arabako Mendialdean. «Zentzu horretan, Anartz Gorrotxategi Elorriagak, Arraia-Maeztuko aldaketak egin duen lana eskertu beharrean gaude, bera izan baita galdutzat emana zegoen aldizkaria ekarri diguna. Urte askotan zehar ez zela ‘Txistu’-ren alerik gorde baieztatu izan da, eta idatzizko zenbait iturrik ideia hori defendatzen jarraitzen dute. Hala ere, Gorrotxategi jaunari esker, 1927an argitaratu ziren ale guztiak ditugu eskuartean», jakinarazi du Ugartek.

Zenbait iturrik ‘Txistu’-ren sortzailea Gonzalez de Alaiza bera izan zela baieztatzen badute ere, testuan ageri den alfabetoak zalantzan sorrarazten ditu eta autorea anonimotzat dute askok.

Arraia-Maeztuko alkatearen hitzetan, liburu hau «omenaldi bat da, Arraia-Maeztuko herritar ospetsu bati egiten diogun onarpena, sona handia badu ere Araban eta Euskal Herrian ezezaguna dena. Odon de Apraizek soldadu ezezagun gisa, euskal kulturen aldeko gerlari gisa deskribatu zuen», azaldu zuen.

«Orain hiru urte ikerketari egin genionean ‘Txistu’-ren ale guztiak desagertuak zirela uste genuen. Oker hori zuzendu dugu, aldizkariaren 16 aleak topatu baititugu. Irakurtzeko aukera izan dugu eta denbora pasa dela ohartu gara, mundua bera aldatu egin dela, umorea egiteko eta ulertzeko modua bezalaxe, eta ulertu dugu halaber orduko komikiak gaur egunekoan ere badirauela», zehaztu du Gorrotxategik.