Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Lehen Atalak 122 urteko kartzela zigorra ezarri dio Marixol Iparragirre euskal preso politikoari, 1995eko abenduan Luciano Cortizo militar espainola hil zuen atentatua agintzea egotzita.
Iparragirre uztailaren 8 eta 9an epaitu zuten Auzitegi Nazionalean, 2019ko irailean agintari frantsesek espainiaratu zutenetik lehen aldiz. Epaiketaren lehen egunean eskoriatzarrak salatu zuenez, EPPKren ordezkaria izategatik abiatu zuen espainiar Estatuak bere aurkako prozesua. Izan ere, bakea lortzeko presoen egoera mahai gainean jarri behar dela babesten duten adituen bisitak jaso zituen frantziar Estatuan preso egon zen bitartean, justizia trantsizionala babesten zuten adituen bisitak.
Iparragirrek berak nabarmendu zuen ez zuela parte hartu eta inolako zerikusirik izan Cortizo militarraren heriotza eragin zuen ETAren ekintza hartan, eta lekuko gisa deklaratu zuten Ibon Etxezarreta eta Agustin Almaraz euskal presoek ere adierazi zuten ez zutela harremanik izan berarekin. Bere aurkako froga bakarra ‘Anboto’ sinadura zuen paper bat zela salatu zuten eskoriatzarraren gertukoek.
Hala ere, Jose Perals fiskalak 122 urteko espetxe zigor eskaerari eutsi zion.
2014ra arte ez zioten jakinarazi atentatu harengatik auzipetuta zegoela, Estatu frantsesean espetxeratu eta hamar urtera.
Marixol Iparragirre iazko irailaren hasieran espainiaratu zuten frantziar agintariek eta Auzitegi Nazionaletik igaro ondoren preso sartu zuten. Bere egoera salatzeko sortu zuten Marixol Askatu ekimena.