Gitarren boterea Liherren eskutik iritsi da NAIZ Kontzertuetara
Eta zortzigarren kontzertuan trumoiaren jainkosak eta jainkoak beraien gitarra, baxu eta bateriarekin NAIZ Kontzertuetara iritsi dira. Liherrek kontzertu frenetiko eta bizia eskaini du eta nahiz eta ‘Hemen Herensugeak Daude’, taldearen lan berria, emanaldiaren protagonista nagusia izan, bere ibilbide osoa errepasatu du. Lide Hernandok ahotsa eta bihotza jarri ditu; Iñigo Etxarrik, izerdia eta klasea; Joshka Natke eta Ander Berzosak, erritmoak eta eztandak. Zorionez, rock n' rollak hiltzen jarraitzen du.
Kobazuloetako musikak, rock n' rollak, ez du agertoki erraldoi baten beharrik, nahiz eta batzuetan, espektakulu goseak bultzatuta, estadioetan lekua aurkitu. Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokitik apaingarririk gabeko era gordin eta biluzi batean agertu da gure pantaila distiratsuetan. ‘Frapuccino to Take Away’ kantak eman dio hasiera NAIZ Kontzertuak ekimenaren zortzigarren kapituluari. Jarraian, riff astun eta lehorraz abusatzeko inolako begirunerik gabe, ‘Ezti eta Etsizko Egunak’ eta ‘Estoldak Gainezka’ etorri dira. Argi geratu da: Liher ez da hona bahituak egitera etorri. Energiaz beteriko rock burrunbatsuaren pultsioa izan da nagusi Dokan. Gauaren protagonista rock n¡ rollaren epikaren izerdian bustitako deabruaren musika izan da.
«Aupa mila esker. Zer moduz zaudete? Ondo? Gu poz-pozik, hemen. Beno, esandakoa. Eskerrik asko Doka eta NAIZ, aukera honengatik. Ez dira garai errazak. Honetatik irtengo gara», esan du Lide Hernandok. Blues, gospel, funk eta musika beltzarekin hartu eman garbia duten kantak etorri dira jarraian. ‘Gorri ilun’, ‘Larrua eta Iraina’, ‘Gizarte Likido’ eta, batez ere, ‘Beltz gara’ bezalako kantekin baxua, gitarra eta bateriarekin egindako musika zaratatsua musika beltzarekin maisuki gurutzatu du laukote donostiarrak.
‘Zulo Bat Gehiago’ kantarako Lidek gitarra lanetan bakarrik utzi du Iñigo Etxarri. Ahotsa eta sugarrekin laztandutako bihotzarekin abestu du Lide Hernandok taldeak lan atmosferiko bikaina eskaini duen bitartean. Duela urtebete ikusi nuen Liher etxetik bi kilometrora. Asko harritu ninduen. Han etorkizun polit bat zegoela pentsatu nuen. Han indarra zegoela sumatu nuen. Han bazeuden gitarrak, eta agian ni ez nintzen ikusteko gai izan, baina herensugeak ere bazeuden.
Sekulako aukerak ikusten nituen Liher gure eszenan garrantzitsuak izateko baina oraindik zerbait falta zela sentitzen nuen. Aurten ‘Hemen Herensugeak Daude’ diskoa eman digute. Liherren kolorezko azala duen diskoa. Gorria, gorri iluna edo granatea. Odolez eta, susmoa dut, sufrimendu eta lan askorekin idatzitako abesti bilduma. Lan sendoa, soinu potente eta sikua duena, ideiak oso era sakon batetan jorratzen duena eta konposizio trebeak lortzeko gaitasuna erakusten duena. Obra labirintikoa eta heldua da. Falta zena, falta bazen, gure artean dago otsailetik. Kontzertuaren hurrengo bi kantak, ‘Ihesaren Dantza Arrotza’ eta ‘Malinche’ ez dira kasualitatez lortzen.
Etxarriren sufrezko gitarrak jarraipena eman dio kontzertuaren bigarren zatiari. Bikain elkartu dituzte ‘Thelma & Louise’, ‘Hemen Herensugeak Daude’ diskoaren abestia, eta Blondie talde estatubatuarraren ‘Call me’ klasikoa. Arnasa hartzeko denborarik gabe gitarren botere ukaezinak hartu du Dokako agertokia ‘Oskol Gogorrena’ abesti ahaltsuaren unean.
Liher eta riffaren arteko eztabaida, borroka edo elkarrizketaz jaiotzen den tentsioa Liherren baliabide boteretsuena da eta horrela erakusten du ‘Teloia’ bezalako kanta batek. Riff ezberdinez jositako lurrikara. Soul eta garraren arteko talka berri batek eman dio hasiera 2018an kaleratutako ‘Tenpluak Erre’ diskoko ‘Nor Da Piztia?’ abestiari. Disko berdinarekin aurrera jarraitu dute eta ‘Arrain Hilak’ eragindako suteari egur gehiago gehitu dio.
Gaua bukatzeko donostiarren hirugarren diskoari izenburua ematen dion abestia entzun dugu: ‘Hemen Herensugeak Daude’. Berriro riffa, berriro sufrea eta berriro soula Lideren eztarritik kanpora. Amaiera bikaina eman diote Liherrekoek NAIZ Kontzertuak ekimenaren, momentuz, azken-aurreko kontzertua izan denari. Rocka, sua, soula, gitarrak eta energia agertokian nagusi izan dira gaurkoan eta nagusituko dira Liher agertokira salto egiten duen bakoitzean beraien zainetatik rock n' rollaren magia dabilelako. Datorren astean, Skabidean.