Aste honetan bertan osoko-bilkura izan dute Madrilgo Kongresuan, besteak beste, pandemiaren ondorioz sortutako Berreraikuntza Batzordeak proposatutako hiru dokumentu bozkatzeko. Txosten ekonomikoa, osasun arlokoa eta Europako Batasunari buruzkoa onartu ziren, baina ez aldiz neurri sozialei zegokiena. EHBilduk ezezko jarrera mantendu zuen.
Mertxe Aizpuruak dio Pedro Sanchezen gobernuaren norabidea alderdi eskuindarrengana begira dagoela, eta kezka azaldu du horregatik: «Uste dugu aukera bat galdu dela ezkerreko politiken aldera norabidetzeko, eta kezka hori areagotzen da pentsatzen baldin badugu aurrekontuetan ere jarrera berdina hartu dezaketela».
Egungo jendarteak erronka mardula du krisi egoeratik ateratzeko, eta Aizpuruaren irudiko, gako nagusiak politika aurrerakoiak eta eraldatzaileak sustatzean dago; izan ere, «ez dugu dagoena berreraiki behar, hori ez zegoen ondo», egin beharrekoa sistema eraldatzea dela nabarmendu du.
2012ko Lan Erreformaren indargabetzearen akordioa eta Pedro Sanchezen alderdiak eduki dituen kontraesanak hizpide hartuta, Aizpuruak dio ez dutela argi zer nahi duten. Nolanahi ere, horrek ez ditu harremanak zaildu; «onak» dira, «batik bat Unidas Podemosekin».
Juan Carlos Borboikoa eta GAL auziak
Berriki zortzi alderdik, tartean EHBilduk, Mekako AHTren komisioak eta Juan Carlos Borboikoa ikertzeko eskatu dute Kongresuan; Aizpuruak garbi du, oraindik ere, monarkia Espainiako politikaren «bizkar-hezurra» dela, baina nabarmendu du gero eta ahots gehiago direla «monarkiari planto» egiteko altxatzen ari direnak. Zentzu horretan, uste du egiten ari diren lana bere fruituak ematen ari dela.
Hala uste du GALen auzian ere: nahiz eta duela ez asko gerra zikina ikertzeko batzordearen eratzea atzera bota Kongresuak, bere irudiko iritsiko da horretarako eguna ere.
Oraindik ez dute Kongresuko jarduna amaitu Madrilen; Europako Batasunak berriki hartu dituen neurrien inguruko osoko bilkura dute datorren astean, baita beste zenbait komisio ere.