Debaldeko lehen probak Bidarten egin zituzten uztailaren 23an, gaur Donibane Lohizunen egin dituzte eta uztailaren 31n Biarritzen izango dira. Lapurdiko kostaldean test masiboak egiteko bi multzo nagusi hautatu dituzte, batetik turistak eta arlo turistikoko langileak eta, bestetik, aireportu eta bainuetxeak. Egitasmoaren helburua,¡ «testak egitea erraztu eta birusaren transmisio katea haustea» dela azpimarratu du Marie Laurence Guillerminek, Donibane Lohizunen ezarri duten guneko arduradunak.
Lapurdin dozena bat laborategi dituen Labexa taldeko Sealab enpresak hartu du probak egiteko ardura. Herriko etxeekin elkarlanean ezarriko diren guneetan nortasun agiria eta Frantziako osasun asegurua erakusten duen edonork dohainik egin ahal ditu PCR probak, izan ere gastuen ardura Gobernu frantsesak hartu du. Orain artean PCR probak soilik sintomak erakusten zituzten biztanleei edo medikuaren preskripzio bat zutenei egiten zizkieten, baina plantan jarri duten egitasmoari esker aurrerantzean edonork egin ahal izango ditu probak.
Arratsaldeko 14.00etatik 17.00etara probak egitera gerturatzeko deia luzatu zieten herritarrei eta baita turistei ere, eta deialdiak erantzun zabala izan du, Donibane Lohizuneko Grand Hotel ondoan ehun metroko ilara sortu baita. Harrera gunean zegoen langile baten esanetan, «pasa den astean Bidarten ez zen hainbeste jende izan, baina oraingo honetan komunikazio lana oso ongi egin da eta uste genuena baino jende gehiago etorri da».
Parte-hartzaileek 24 eta 48 ordu artean jasoko dituzte emaitzak mugikorrera igorritako mezu baten bidez edo email bidez. «Testa oso azkar egiten da, minutu batean egina da, baina denbora apur bat gehiago eskatzen du informazio pertsonala emateak, zeren positibo emanez gero garrantzitsua da ahalik eta informazio zehatzena izatea lehenbailehen transmisioa ekiditeko», azaldu du Guillermine doktoreak.
PCR frogak egin nahi zituztenen artean adin guztietako eta jatorri desberdinetako jendea zegoen. Bertako herritarrak, turistak, TAOko langileak, haurrak, gazteak, helduak, adineko jendea, hondartzan zegoen jendea, eta baita espreski froga egitera gerturatu den jendea ere.
Parte-hartze zabala izatea baikorki baloratu du Sealab laborategietako doktoreak. Horrela, Guillerminek jakinarazi duenez, «herritarren parte-hartzeak ahalbideratzen du zonalde bakoitzean birusaren zirkulazio maila zenbatekoa den ebaluatzea, kasu positiboak identifikatzea, eta haiekin kontaktua izan duten pertsonen bilaketa aktibatzea, beraz babes neurri zehatzak hartu eta transmisio katea eteteko ezinbestekoa da».
Birusaren berragertzea Hossegorren
Orain artean Ipar Euskal Herrian covid-19 agerraldirik antzeman ez den arren, Baionatik 25 kilometrora dagoen Hossegor herrian birusaren pizte baten berri eman zuten pasa den astean, familia bereko zortzi kidek probetan positibo eman ostean.
Hossegorrekoa bezalako beste dozena bat agerraldi izan dira azken egunetan Akitania Berriko eskualdean, gehienak Bordele inguruan, izan ere eskualde honek dituen 6,5 milioiko biztanleriaren erdia gune horretan kokatzen da. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ere Akitania Berriko eskualdean dira.
Olivier Veran Osasun ministro frantsesak ‘Le Figaro’ egunkarian berriki aditzera eman zuenez, hamahiru astetan positibo eman zuten herritarren kopuruak behera egin zuen arren, azken egunetan «positiboek drastikoki gora egin» dutela onartu zuen. «Egun konfinamenduari amaiera eman genionean ginen maila berean gaude», nabarmendu zuen Osasun ministroak, eta ondorioz, eremu kaltetuenak berriz konfinatzeko aukera zabalik dela jakinarazi zuen.
ARS agentziak eman dituen datuen arabera 15 eta 44 urte bitarteko kutsatuek bereziki gora egin dute. Ondorioz, adin tarte horretako kutsatuak laukoiztu egin dira ekaina hasieratik uztailera bitartean. Pirinio Atlantikoetan (Ipar Euskal Herria eta Biarno) covid-19aren ondorioz ofizialki hil zen azken pertsona ekainaren 28an zendu zen. Baionako ospitalean, ostera, uztailaren erdialdean hartu zuten azken kutsatu ofiziala. Estatu frantsesean, berriz, orain artean 217.801 kutsatu eta 30.195 hildako izan direla konfirmatu berri du Johns Hopkins unibertsitateak.