Gironda eskualdeko emazte bat hil da gaur Santa Graziko herrian. Istripua Kakuetako Arroilan gertatu da.
Luizi bat gertatu da garai honetan bisitari anitz jasotzen duen Zuberoko natur eremuan.
31 urteko emazte bat hil da herriek kolpaturik eta beste hiru lagun –beste emakume bat, gizonezko bat eta neska gazte bat– zauritu dira.
Atzo bero handia egin zuen Zuberoan eta muturreko tenperaturen ondorioz ekaitza izan zen. Horrek eragin omen du luizia.
Garai honetan milaka eta milaka bisitari etortzen dira lau kilometroko luzaera duen Kakuetako Arroila zeharkatzera. Are, luziria gertatu denean 100 bat lagun ziren inguru horretan. Maule eta Pauetik heldutako sorospen zerbitzuek persona horiek ebakuatu dituzte eta ondoren Kakuetako Arroila itxi dituzte.
Holtzarteko zubia da inguruko beste eremu bisitatuenetarikoa. Hain zuzen aste honetan bertan Larraineko auzapezak Jean-Dominique Iriartek oharrarazi du bisitarien kopuru handiak segurtasun arazoak eragin dituela.
«Holtzarteko zubiranzko zirkulazioa handia da eta beldur naiz azkenean D26 errepidean zerbait gertatuko dela», adierazi du aste honetan bertan Jean-Dominique Iriartek. Horrez gain, Larraineko auzapez berriak batez ere autoritateen laguntza eskatu du.
«Trabatze arazo hau ez da berria, baina sasoi honetan nabarmenago azaldu da. Leku batzuetan itomen sentimendua dago» onartu du Euskal Elkargoan turismoaren ardura duen Daniel Oltzomendi Izurako auzapezak.