Orain mila urte, Francesco Cossiga Italiako presidente zela, elkarrizketa bat irakurri nion non esaten zuen igande goizetan mendi buelta bat egitera ateratzen zela bere idazkariarekin eta hari diktatzen zizkiola estatuko auzirik eta arazorik larrienei buruzko erabakiak. Idazkari gizajoa blok txiki batekin irudikatu nuen presidentearen aginduak apuntatzen.
Neurri batean, neurri oso txiki batean, identifikatuta sentitu nintzen nik ere igande goizetan mendira joateko ohitura nuelako, nahiz eta nik ez neraman idazkaririk eta neure buruari ematen nizkion astean zehar burutu beharreko erabakiak.
Pare bat aldiz suertatu zait igande goizez mendira joan eta Joan Mari Torrealdairekin topo egitea, ni pare bat orduko buelta bat egitera joana eta hura berriz Usurbildik goizean goiz atera eta Gipuzkoako kostaldea zeharkatzeko asmoarekin, eta bietan, zertzelada horrek harritu ninduen, grabagailu txiki bat eskuan zeramala. Esan zidan mendiak ideiak ordenatzen laguntzen ziola, ibilian grabagailuari diktatzen zizkiola eta astelehen goizean pasatzen zituela garbira. Entzuna dut Joseba Jakarekin ibili izugarriak egiten zituela, eta badakit baita ere Mikel Arrizabalaga eta biek milaka kilometro eginak dituztela azken hogeita hamar urteotan eta ibili horietan egosi zituztela euskal kulturarentzat hain giltzarriak izan diren egitasmoak.
Orain egun batzuk Millan Telleria bertsolariarekin Torrealdairen osasunari buruz zeuden zurrumurruak komentatzen ari ginela tipoa dotorea zela esan nion eta berak pertsona egoki gisa definitu zuen eta uste dut hitza horixe dela, egokia, eta batzuk hizketan edo jardun zehatz batean egokiak diren bezalaxe, Joan Mari Torrealdai izaeraz zela egokia. Bazuen, noski, dotoretasun halako bat deigarria egiten zitzaiguna. Bazuen are dandy ukitu diskretu bat ere, harrigarria egiten dena, frantziskotar ohi bat zela kontuan izanik. Mikrofono batean atzean jartzea aski zuen aktore plantak erakusteko ere. Jendetasuna zuen eta garai batean esaten zen bezala klasea zuen. Bere xarma, hala ere, hizketarako gaitasunean agertzen zen gehienbat. Jantzia zen oso, datuekin arrazoitzen zekien, beroa zen iritzietan, baina neurtua.
Aspaldi hartan Euskadiko Kutxaren enkarguz “Euskal kultura gaur” hura (Egigurendarren argazkiekin) atera zuenetik euskal liburugintzaren erradiografiak egiten espezializatu zen eta urtero ateratzen zuen txostena baliatu ohi genuen arlo horretan mugitzen ginenok. Aztergaiak aukeratzeko usaimena zuen eta bere tesirako frankismo garaiko zentsuraren gaia hartu zuenean bagenekien horrek sekulako jokoa emango ziona. Bere ibilbide akademikoa distiratsua izanik ere, bizpahiru egitasmo zehatz izan dira bere obra nagusia, “Jakin”, euskal liburugintza edo Elkarlanean fundazioa eta Euskaldunon Egunkaria eta proiektu horietara inguruko elementurik onenak fitxatzeko zuen eskua aipatuko beharko genuke. “Jakin” oraindik gaztea zela Rikardo Arregi bezalako fitxaje bat egiteko adurra izan zuen, esate baterako, eta antzekoak egin ditu aldizkari horren azken etapan ere. Bere dohain nabarmenena talde lana zen beharbada edo lanerako taldeak osatzeko gaitasuna eta horretarako jenderik onena aukeratzen zekien. Bide horretan torturaren amesgaiztoak harrapatu zuen azpian eta horrek bizitza aldatu zion.
Nik ez dut bere itzalean edo bere ondoan lan egiteko suerterik izan. Oso tarteka ikusten nuen eta aldiko, hizketaldi labur baten buruan, gizonak eguna alaitu zidala sentitzen nuen eta badakit horrelako pertsonak urriak direla; ugariagoak balira, gizartea atseginagoa eta mundua ederragoa ziratekeen.