Dominikar Errepublikan gorde omen du bere burua Juan Karlos Borboikoak, Suitzan zein Estatu espainolean bere aurka ireki diren ikerketa judizialetik hanka eginez. Eta aterpe izaera hau bereziki bitxia suertatzen da Euskal Herriaren ikuspegitik, azken hamarkadotan kartzela gisa erabili baitu Espainak... bai eta hilobi modura ere, aurretik.
Berez txikia eta urrutikoa da irla zati hori, Kubaren parean. Hamar milioi biztanle baino ez ditu. Baina nonbait Madrilekin estuki-estuki lotuta dago, orain zein lehen. Pentsatzekoa da 80. hamarkadan euskal borrokalariak han gatibu hartzeko bi gobernuen arteko akordioak izan baziren, orain ere tratu izkuturen bat edo beste izan daitekeela, 78ko Erregimenaren euskarri bati eusten saiatzeko.
Segurua dena da errege emeritoak ez dituela Dominikar Errepublikan Eugenio Etxebeste, Belen Gonzalez Peñalba, Anjel Iturbe eta abarren bizi baldintza latzak jasoko. Dozena erdi kide hara urrundu eta han giltzapetu zituzten, Aljerren ETA eta Gonzalez Gobernuaren arteko elkarrizketek porrot egin ostean, 1989. urtean.
Ordurako lurralde haiek jada ezagutzen zituen «Antton»ek, 1984. urtean hara eraman zutelako. Iñaki Egaña historialariak jaso duenez, Eugenio Etxebeste bertan bahitu eta hiltzeko plana ezagutuko zen geroxeago, zorionez burutu gabe gelditu zena.
1989tik osteko deportazio aldiak luze joko zuen; ia hamarkada bat iraun zuen bertara urrundutako zazpi ETAkideentzako. Belen Gonzalez eta Anjel Iturbe izan ziren Euskal Herriratzen azkenak, 1998an.
Isolamendu gogorrean bete zituzten urte haiek guztiak, toxikazio ahaleginen menpe beti (etxean mikrofonoak zituztela somatu zuten). Tartean, bi astez luzatu zen bahiketa eta zenbait lapurreta pairatu behar izan zituzten. «Zure ondokoen zein Euskal Herriaren elkartasunari esker eusten diozu egoerari, eta zeuk zure ondokoekiko zein Euskal Herriarekiko duzun elkartasunari esker», nabarmendu zuen Eugenio Etxebestek 2018an eginiko hitzaldi batean.
Galindez, Trujillo, Franco, Borboi
Aurretik beste pasarte bat ere badu Dominikar Errepublikak Euskal Herriaren historian, hau ere errepresioari lotuta. Bertan akatu zuten Jesus Galindez (beheko irudian), atzerriko Eusko Jaurlaritzaren delekatua dena, 1956. urtean, Nueva Yorken bahitu ondoren.
Antza, bertatik Karibeko irlara eraman zuten hegazkinez eta Rafael Leonidas Trujillo mandatariaren oniritziaz edo aginduz hil egin zuten. EAJko kidearen gorpua ez da inoiz aurkitu.
Trujillo diktadorea eta Franco diktadorearen arteko harremana estua izan zen. Francok oinordeko izendatu zuen Borboiko Juan Karlosek bertan hartu du orain aterpe. Berak esango bezala, lotua eta ondo lotua.