NAIZ

EH Bildu «kezkatuta» dago Murgaren adierazpenekin eta bilera eskatu dio sailburuari

EH Bilduk bilera bat eskatu dio Nekane Murga Lakuako Osasun sailburuari, pandemiaren aurrean «neurriak ezagutzeko helburuarekin». Covid-19aren hedapena eta bilakaera ikusita, koalizioak kezka adierazi du eta Osasun Sailari neurriak hartzeko eskatu dio.

Nekane Murga sailburua, agerraldi batean. (IREKIA)
Nekane Murga sailburua, agerraldi batean. (IREKIA)

EH Bilduk bilera eskatu dio Nekane Murga sailburuari «informazio osoa izateko eta egoera honen aurrean hartu beharreko balizko neurriak ezagutzeko helburuarekin», prentsa ohar batean azaldu duenez. Koalizioa «oso kezkatuta dago covid-19aren hedapenaren azken egunetako bilakaera ikusita», eta beraz, lehen eskutik izan nahi duela pandemiaren bilakaeraren inguruko informazioa adierazi du.

Koalizioak aipatu duenez, «Nekane Murga sailburuak gaur egindako adierazpenek gure ezinegona areagotu baino ez du egin, pandemiaren bigarren olatuaren aurrean egon gaitezkeela esan baitu».

Pandemiaren hedapenaz gain, «aztarnarien, kontseilu sanitarioaren eta osasun publikoko zerbitzuen egoera zein den» lehen eskutik ezagutu nahi du EH Bilduk Murga sailburuarekin eskatutako bileran.

Neurri sorta

Bestalde, EH Bilduk «osasun sistema publiko lehen arreta zerbitzua bizitzen ari den egoerarekin» ere kezkatuta dagoela adierazi du. Zentzu horretan, koalizioak salatu du Osakidetzako lehen arretako profesionalak pairatzen ari diren egoera, baliabide urriei dagokienez. Gainera, «uda garai honetan oraindik eta larriagoa da bizi duten egoera» gehitu dute, ordezkapenik ez baitago eta «uda garaian oraindik eta nabarmenagoak dira ezartzen ari diren murrizketen ondorioak».

Azkenean, EH Bilduk gogoratu nahi izan du duela aste batzuk neurri sorta bat proposatu ziola Lakuako Gobernuari. «Pandemiaren egungo egoerari eta laster izan daitekeenari erantzuteko Osasun Sailak hartuko dituen neurriak zeintzuk diren jakin nahi du EH Bilduk», azaldu du.