NAIZ

Positiborik ez Nafarroako Erriberako frutaren sasoikako langileen artean

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, Erriberako 84 sasoikako langileei egindako PCR proba guztien emaitzak negatiboak izan dira. Bere aldetik, Nekane Murga Lakuako Osasun sailburuak adierazi du probak egingo dizkietela Arabako Errioxako sasoikako langileei ere eta prest daudela «erantzuna» emateko.

Arabako Errioxako sasoikako langile bat, artxiboko irudia. (Iñigo URIZ/FOKU)
Arabako Errioxako sasoikako langile bat, artxiboko irudia. (Iñigo URIZ/FOKU)

Fruta biltzeko Erriberara heldu diren 84 sasoikako langileri asteazken honetan egindako PCR proben emaitzak denak negatiboak izan dira, Nafarroako Foru Gobernuak adierazi duenez.

Proba horiek covid-19aren pandemiak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio-neurrien barruan sartzen dira, eta Osasun Zuzendaritza Nagusiak Nafarroan egiten diren kanpainetan nekazaritzako aldi baterako langileak kontratatzeko ematen duen ebazpenaren barruan kokatuta dago.

Foru erkidegoaren nekazaritzako produktuak biltzeko kanpainak egiteko kontratatzen diren pertsonei PCR egitea aurreikusten da, eta, positiboa izanez gero, haien osasunaren babesa eta laneko bajaren estaldura bermatzen dira.

Probak Arabako Errioxako langileei

Bestalde, Lakuako Osasun sailburu Nekane Murgak aurreratu duenez, Arabako Errioxako sasoikako langileei PCR probak egitea aurreikusita dago, eta beste neurri batzuk aztertzen ari dira, iristean «erantzuna» emateko prest egoteko.

Gasteizen emandako prentsaurrekoan Murgak azaldu du proba horiek egiteaz gain, baloratzen ari direla non egiten diren kontratuak eta sasoikako langileen ostatu baldintzak.

Sailburuak adierazi du enpresa nagusiekin bilerak egin direla iriste-egutegiak eta hobetu daitekeen guztia aztertu eta baloratzeko, sasoikako langileak etortzen direnean «erantzun bat emateko prest» egon daitezen.