NAIZ

431 kutsatze berri erregistratu dira Hego Euskal Herrian, aurreko egunean baino 61 gutxiago

Hego Euskal Herrian detektatutako positibo berriak 431 izan dira azken 24 orduetan, hau da, aurreko egunean ezagutzera emandakoak baino 61 gutxiago. 248 eman dira Bizkaian, 89 Nafarroan, 50 Gipuzkoan eta 43 Araban. Kutsatzeek behera egiten duten bigarren eguna da, baina kopuruak aurreko asteetan baino altuagoa izaten jarraitzen du.

PCR frogak Ramuntxo Berri tabernan egondako jendeari, Gros auzoan. (Gorka RUBIO/FOKU).
PCR frogak Ramuntxo Berri tabernan egondako jendeari, Gros auzoan. (Gorka RUBIO/FOKU).

Lakuako Osasun Sailak publikatutako koronabirus pandemiaren eraginari buruzko azken datuen arabera, EAEn azken egunean egindako 6.566 PCR probetatik (aurreko egunean baino 881) 342k eman dute positibo.

Positiboak behera egin dute hiru lurraldeetan aurreko egunarekin alderatuz: 248 Bizkaian (220 gutxiago), 50 Gipuzkoan (7 gutxiago) eta 43 Araban (8 gutxiago). EAEtik kanpo bizi den pertsona batek positibo eman du ere bai.

Azken egunetan hainbat herritan egiten ari diren baheketen berri ere eman du Osasun Sailak. Ildo horretan, ostiraletik 1.359 PCR egin dira Donostiako Ramuntxo Berri tabernarekin lotuta, eta 3 positibo aurkitu dira. Uztailaren 26tik abuztuaren 3ra bitartean lokalean egon ziren 72 lagunek PCR froba egingo dute.

Galdakaoko anbulategian 503 PCR egin zitzaizkien uztailaren 27tik abuztuaren 4ra Muguru tabernatik igaro ziren herritarrei (gaur 552 herritarrei egingo diete), baina oraindik ez dago emaitzarik, Xixilu jatetxeko eta Gasteizko Kilimanjaro diskotekako bezeroei egiten ari zaizkien probekin gertatzen den bezala.

Aguraingo Kokolo tabernako bezeroei egindako testei dagokienez, 113 PCR egin dira eta 2 kasu positibo daude.

Sailak astelehenean eguneratuko ditu datuak, udalerrika, ospitaleratzeen datuak eta R0 indizea, pertsona batek eragin ditzakeen kutsatzeen kopurua zenbatesten duena.

Nafarroa

Nafarroan 89 kasu positibo berri izan dira, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, 1.159 PCR proba egin ostean.

Bi ospitaleratze ere izan dira, baina ez da hildakorik izan. Gaur egun, 46 gaixo daude Nafarroako osasun sarean, horietatik 6 ZIUn.

Geografikoki, Iruñeko Osasun Arloan dago oraindik ere kasuen ehuneko handiena (%46). Adinaren ikuspegitik, kasu berrien %52 15 eta 44 urte bitartekoak dira. Hala ere, 14 urtetik beherakoen tartean, kasu berrien % 25 izan ziren atzokoan.