NAIZ

Hamar filma eta bederatzi film labur lehiatuko dira Zabaltegin

Zinemaldia ate-joka dator. Pixkanaka sail desberdinen edukien berri ari dira ematen antolatzaileak. Gaur Zabaltegiren txanda izan da. Guztira, 19 film lehiatuko dira, Philippe Garrel, Hong Sang-soo eta Peter Strickland zinemagile ospetsuenak, besteak beste. Marina Palaciok eta Laida Lertxundik laburmetraia bana aurkeztuko dute.

‘Ya no duermo’ filmaren fotograma. (NAIZ)
‘Ya no duermo’ filmaren fotograma. (NAIZ)

Programatutako hamar film luzeetatik eta bederatzi film laburretatik batzuk Berlingo azken zinema jaialdian saritu edo eman ziren, eta beste batzuek Cannesko azken zinema jaialdian –azkenean bertan behera utzi zenean– parte hartu behar zuten edo laster Veneziako Mostran eta Torontoko zinema jaialdian egongo dira.

Berlingo zinema jaialditik datozen eta Estatuan estreinatuko diren lanen artean, Hong Sang-soo (Seul, 1960) ekoizle hegokorear ospetsuarena nabarmendu behar da; hala, Zuzendari Onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen filma emango da: ‘Domangchin yeoja/The Woman Who Ran’.

Philippe Garrel (Paris, 1948) Donostiara itzuliko da azken Berlinaleko Sail Ofizialean aurkeztu zuen filmarekin. ‘La sel des larmes/The Salt of Tears’ filmak landaguneko gazte baten eta Parisko hainbat emakumeren arteko harreman gorabeheratsuak kontatzen ditu.

Tsai Ming-Liangen (Kuching, Malaysia, 1957) ‘Rizi/Days’ filmak Berlinalean ere hartu zuen parte; are gehiago, Epaimahaiaren Teddy Saria lortu zuen bakarrik sentitzen direlako elkarrekin denbora igarotzen duten bi gizoni buruzko film horrekin.

‘Los conductos’ filman sekta erlijioso baten kontrolpetik ihes egin duen gizon baten abentura kontatzen digu Camilo Restrepok (Medellín, 1975) kolonbiarrak. Catarina Vasconcelos (Lisboa, 1986) portugaldarrak ’A metamorfose dos pássaros/The Metamorphosis of Birds’ lana dakar. Fipresci saria jaso zuen Berlingo zine jaialdian. Bertan, zuzendariaren beraren familia iragana irudikatzen du.

’The Trouble with Being Born Sandra Wollner’ (Leoben, 1983) austriarraren bigarren lana da, neskato itxurako androide bat protagonista duena, eta Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Berlingo Encounters sailean. Song Fang (Nanjing, 1978) zinemagile txinatarrari dagokionez, CICAE Art Award saria irabazi zuen Berlingo azken zinema jaialdiko Forum sailean bere bigarren filmarekin. ‘Ping Jing/The Calming’ filmak hogeita hamar urte inguruko dokumental zuzendari baten nahigabeak kontatzen dizkigu.

Nicolas Pereda (Mexiko Hiria, 1982) Cannesko, Berlingo eta Veneziako zinema jaialdietan egon da, eta Torontoko Zinemalditik igaro ondoren, ‘Fauna’ estreinatuko du nazioartean. Indarkeria Mexikoko herri iruditerian nola sartu den kontatzen digu aipatu komediak.

Adilkhan Yerzhanov (Djezkazgan, 1982) zuzendari kazakhstandarra berriz ere Donostian izango da ‘Zheltaya koshka/Yellow Cat’ filmarekin. Iaz Sail Ofizialean lehiatu zen ‘A Dark-Dark Man’ (2019) filmarekin. Veneziako Mostrako Orizzonti sailean parte hartu ondoren dator iragan kriminala atzean utzi eta zinema-areto bat muntatu nahi duten bi maitaleri buruzkoa da filma.

Halaber, duela aste batzuk iragarri den bezala, Juan Cavestanyk (Madril, 1967) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du ‘Un efecto óptico’ filmaren mundu estreinaldiarekin; Pepon Nieto eta Carmen Machi denbora-begizta batean harrapatuta geratuko dira film horretan.

Bederatzi film labur
Zabaltegi-Tabakalerak bederatzi film labur ere eskainiko ditu, eta horietako bat film luzeekin esperientzia luzea duen zinemagile batek zuzenduta dago. Peter Strickland (Reading, 1973) britainiarrak ‘Cold Meridian’ aurkeztuko du, dantza eta onirismoa uztartzen dituen sei minutuko film bat.

Bestalde, Leonardo van Dijl belgikarrak (Kortrijk, 1991), Umpirerekin (2015) Nesten aipamen berezia lortu zuenak, ‘Stephanie’ proiektuaren emaitza erakutsiko du; 2017an Ikusmira Berriak programan parte hartu zuen eta presio handia jasan behar duen 11 urteko gimnasta bati buruzkoa da.

Bestalde, Sameh Alaa (Kairo, 1987) egiptoar zuzendariak gizon batek bere maitalearekin elkartzeko egin beharko duen bide bihurgunetsua kontatzen digu ‘I am Afraid to Forget Your Face’ filmean. Bi lan hauek Cannesko zinema-jaialdiko film laburren hautaketa ofizialean zeuden, baina jaialdi horren 73. edizioa ezin izan da egin, azkenean, COVID-19aren pandemia dela eta.

Naïla Guiguet frantziarrak (Vitry-sur-Seine, 1988) techno musikako LGBT+ gau-emanaldi batean filmatu zuen bere lehenengo film labur profesionala; hala, Cannesko Kritikaren Astean hautatu zen ‘Dustin’, baita Toronto eta Vila Do Conde zinema jaialdietan ere. Pedro Peraltak (Lisboa, 1986), berriz, ‘Noche perpetua’ aurkeztuko du, 1939an Espainiako gerraostearen hasieran gertatutako benetako istorioa batean oinarritutakoa. Gainera, Bell Zhong (Shanghai, 1991) ‘Huan le shi guang/Having a Good Time’ film labur berriarekin lehiatuko da, Diao Yinan eta Bi Gan zuzendarien agindupean lehen zuzendari laguntzaile gisa lan egin ostean filmatutako lan horrekin, hain zuzen.

Hauei, dagoeneko iragarrita dauden bi euskal lan eta kataluniar bat gehituko zaizkie. ‘Ya no duermo’, Lakuako Gobernuaren Kimuak programan hautatua, Marina Palacioren (Donostia, 1996) debuta da, Elias Querejeta Zine Eskolan (EQZE) graduatu ondoren filmatua. Bestalde, ‘Autoficción’ lan esperimentala da, Laida Lertxundirena (Bilbo, 1981).

Carla Simon (Bartzelona, 1986) eta Dominga Sotomayor (Santiago, Txile, 1985) zinemagileek elkarri trukatutako ikus-entzunezko gutunei buruzkoa da ‘Correspondencia’.

Zinemaldiak izendatutako epaimahai batek erabakiko du zein filmek jasoko duen Zabaltegi-Tabakalera saria; 20.000 euro entregatuko dira guztira: 6.000 euro filmaren zuzendariari, eta gainerako 14.000 euroak, film irabazlea espainiar Estatuan banatuko duen banatzaileari.