NAIZ

Iruñerriko autobus eta taxi gidariek azken erasoak deitoratu eta neurri gehiago eskatu dituzte

Iruñerriko autobus zerbitzuko (villavesa) eta taxietako dozenaka gidari elkarretaratu dira astelehen honetan Iruñeko Baluarte plazan, duela aste batzuk Barañainen bi gidarik jasandako erasoa deitoratzeko. Segurtasun neurri gehiago ere exijitu dituzte.

Villavesako autobus eta taxietako gidariak Baluarte plazan elkarretaratu dira. (Iñigo URIZ / FOKU)
Villavesako autobus eta taxietako gidariak Baluarte plazan elkarretaratu dira. (Iñigo URIZ / FOKU)

TCC enpresa batzordeak (Villavesa Iruñerriko autobus zerbitzuaren arduraduna) eta Teletaxi San Fermineko zuzendaritza batzordeak deituta, dozenaka gidari elkarretaratu dira astelehen goizean Iruñeko Baluarte plazan, Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzaren aurrean.

Abuztuaren 10ean Villavesako gidari bat eta beste taxi gidari bat erasotuak eta mehatxatuak izan ziren Barañainen eta gertakizun hau gaitzetsi nahi izan dute hauen lankideek, bi gidari horiei babesa erakustearekin batera. Segurtasun neurri gehiago ere exijitu dituzte.

Taxi gidari hau erasotua izan zen jipoitua izaten ari zen autobus gidaria laguntzera hurbildu zenean. Gazte batzuk ostikoka eta ukabilkadaka zebiltzan 4 autobus-lineako gidariari.

Aurpegian zauri batzuk eta gorputz-adarrean zenbait hematoma zituela artatu zuten taxi gidaria. Autobus-gidariak ez zituen zauririk baina antsietateagatik bajan egon da zenbait egunez.

ELAko ordezkari Carlos Villainek jakinarazi du Mankomunitatearen presidentearekin hitz egiteko bilera eskatu dutela, baina ez dutela erantzunik jaso.

Teletaxi San Fermineko presidente Kiko Asinen hitzetan, autobus erabiltzaile askok ez dute errespetatzen musukoen erabilera eta ohartarazi du batzuetan «taldeka» egiten diela aurre profesionalei. Jokaera zakar hauen aurkako kanpaina gehiago abiarazteko eskatu die Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari.