Naiz

‘Dime quién soy’ nazioarteko ekoizpena aurkeztuko da Zinemaldian

XX. mendeko gertakari historiko garrantzitsuenetan zehar bidaia bat proposatzen du Julia Navarroren eleberrian oinarritutako telesailak. Irene Escolar du protagonista Eduard Cortesek zuzendutako lanak; Zinemaldian lehen hiru atalak ikusi ahalko dira.

Irene Escolar da telesailaren protagonista. (NAIZ)
Irene Escolar da telesailaren protagonista. (NAIZ)

Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioak ‘Dime quién soy’ telesailaren mundu-estreinaldia hartuko du; Irene Escolar da Julia Navarroren izen bereko eleberrian oinarritutako eta Eduard Cortesek zuzendutako telesailaren protagonista. Aurkezpena irailaren 21ean egingo da Victoria Eugenia Antzokian, Movistar+ Galan.

‘Dime quién soy’, Movistar+en nazioarteko lehen ekoizpena bidaia bat da XX. mendeko gertakari historiko garrantzitsuenetan zehar, eta Amelia Garayoaren bizitzaren bidez kontatzen zaigu, zeinak konbentzio sozialak haustea eta abenturaz beteriko bizitza bati ekitea erabaki zuen. Telesaila Madrilen, Alacanten eta Budapesten grabatu dute, eta 50 minutuko bederatzi kapitulu ditu. Donostian lehenengo hiru atalak emango dira.

Movistar+ek eta Telemundo International Studios ekoiztetxeak ekoitzia DLO Producciones taldearekin elkarlanean, Oriol Pla, Pablo Derqui, Pierre Kiwitt, Will Keen, Maria Pia Calzone eta Stefan Weinert aktoreek antzeztu dute, Irene Escolarrez gain.

Javierrek Amelia Garayoaren biografia nahasia ezagutuko du bere argitaletxe txikian liburu bat jaso ondoren. Idealek mugituta, bizitza osoa atzean utzi eta askatasunaren alde borrokatzeko gai izan zen Amelia. Bizitza markatu zioten lau gizonekin –Santiago (bere senarra), Pierre, Albert eta Max– topatu ondoren, XX. mendeko historiako gertaerarik garrantzitsuenetan nahasiko da emakumea: altxamendu frankista, Berlin hiriaren askapena, Stalinen garaiko komunisten gorakada Moskun, Varsoviako ghettoak, Il Duceren azken urteetako Erroma, eta Alemania naziaren gainbehera naziek harturiko Atenasen.