Azken urteetako ohiturari eutsiz, Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak ‘Poesia Orduak’ errezitaldiak antolatu dituzte aurten ere eta, orain arte bezala, irailaren hasieran izango dira. Bi dira Victoria Eugenia Club-ak hartuko dituen hitzorduak: ‘Hain zara eder‘, hilaren 7an; eta ‘Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe’, hilaren 9an.
Fito Rodriguez (Gasteiz, 1955) idazleak errezitaldi musikatua eskainiko du, berriki Booktegi.eus atarian argitaratu duen ‘Hain zara eder’ liburuan oinarritua dago, non Joe Cocker musikariaren berrinterpretazioa egin duen.
Errezitatzaile taldea Andoni Tolosa ‘Morau’, Dorleta Urretabizkaia, Asier Hernandez eta Fito Rodriguezek osatuko dute, eta musikariak Xalba Ramirez, Unai Pelaio ‘Pelax’, Eneko Sierra eta Beñat Antxustegi izango dira.
Bestalde, Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) egileak ikusentzunezko errezitaldi bat eramango du ‘Poesia Orduak’ saiora. ‘Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe’ argitaratu berri duen poesia liburuan oinarritua, Iban Urizar ‘Amorante’ musikaria eta Aitor Gametxo zinemagileak ere parte hartuko dute Eneritz Artetxeren zuzendaritzapean.
Bi emanaldietarako sarrerak doakoak izango dira eserlekuak bete arte eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatilean bertan jaso ahal izango dira emanaldi bakoitzaren egun berean 17.00etatik aurrera. Gehienez 70 pertsonentzat lekua dago eta segurtasun eta babes neurri guztiak hartuko dira.