NAIZ

Txerra Martinez eta Oskar Abad preso ohiak duela 30 urteko auzi batengatik epaituko dituzte

Irailaren 8an, duela 30 urteko auzi batengatik, Madrilgo Auzitegi Nazionalean Txerra Martinez eta Oskar Abad Basauriko preso ohiak epaituko dituztela-eta, protesta egiteko deia egin du Sortuk, hilaren 5ean Basaurin bertan eta 8an Bakion mobilizazioak antolatuta. 

Basauriko kartzelara martxa, 2018an. (Aritz LOIOLA/FOKU).
Basauriko kartzelara martxa, 2018an. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Txerra Martinezek 18 urte eman zituen kartzelan, eta Oskar Abadek, 21. Ezarritako zigorra beteta, kalean dira 2009az eta 2012az geroztik, hurrenez hurren. Orain, duela 30 urteko beste kausa batengatik epaituko dituzte, hilaren 8an Auzitegi Nazionalean.

Hori dela eta, irailaren 5ean Basaurin 19.00etan eta 8an Bakion 20.00etan, ‘Bakea eta demokrazia. Erasorik ez!’ lelopean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du Sortuk.

«Estatu-aparatuentzat bi basauriarrek espetxean egindako urteak ez dira aski. Bakeari eta bizikidetzari ekarpena egiteko urratsa egin beharrean, mendekuan oinarritutako salbuespenezko justizia aplikatzen jarraitzearekin tematu dira», dio. Honen aurrean, Sortuk «gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko ordua dela» adierazi du, «eta ez errepresioan tematzekoa».

«Espetxeak husteko garaia da, orain, euskal jendartean espetxe-politika aldatzeko inoizko adostasunik zabalena existitzen den honetan. Kartzelak betetzeak herri honetan oraindik amaitu ez den amesgaiztoa betikotu baino ez du egiten. Baina ezin izango dute zapuztu herri honen determinazioa bake, bizikidetza eta askatasun agertoki berri bat eskuratzeko», argitu du alderdi abertzaleak.