NAIZ

Zanguango Teatro-ren ‘Bestaldean’ obrak jaso du Kaleko Ikuskizun Onenaren Max Saria

Zanguango Teatro konpainiak Kaleko Ikuskizun Onenaren Max Saria jaso du ‘Bestaldean’ lanagatik. Saria Malagan jaso dute, Max Sarien XXIII. edizioan.

‘Bestaldean’ antzezlaneko oihalak ikusleak protagonista bilakatzen ditu. (NAIZ)
‘Bestaldean’ antzezlaneko oihalak ikusleak protagonista bilakatzen ditu. (NAIZ)

Zanguango Teatro konpainiaren ‘Bestaldean’ ikuskizuna izan da Max Sarien XXIII. edizioan saritu duten euskal ekoizpen bakarra. Konpainiak Kaleko Ikuskizun Onenaren Max Saria eskuratu du, astelehen gauean malagan ospatu den galan. Saria Miguel Muñoz, 1993an konpainia sortu zuen antzerkigileak jaso du.

‘Bestaldean’ antzezlana euskaraz eta gazteleraz eskaini ohi du Zanguango Teatro konpainiak. Kale erdian ezarritako oihal erraldoi baten bidez, egunerokotasuneko eszenak eta magiaz gainezka daudenak, biak uztartu ohi dituzte, ikuslea ere antzezlanaren zati bilakatuz.

Sari bererako hautagaien artean bazen beste euskal konpainia bat ere, Barsanti. ‘Kale gorrian’ ikuskizunagatik zegoen Kaleko Ikuskizun Onenerako hautagaien artean. Atal ezbedinetan beste hiru euskal talde ere sartu dira Max sarien lehian, tartean Kukai Dantza Taldea, ‘Gauekoak’ ikuskizunarekin, baina horiek esku hutsik itzuli dira Malagatik.

Pandemiak markatutako galan, kulturaren garrantziaren eta sektorea sustengatu beharraren aldeko aldarriak entzun ziren. Sari nagusiak Andres Limaren ‘Shock (El Cóndor y el Puma)’ (eszena zuzendaritza eta espazio eszenikoaren diseinu onenari Max sariak); Kamikaze Producciones,  Milonga eta Hause & Richman-ek ekoiztu eta Jordi Casanovas-ek egokitutako ‘La Jauria’ (antzerki obra eta egokitzapen onenari Max sariak); eta ‘Play’ haur koreografiak (argiztapen, jantzi eta konposizio musikal onenari Max sariak) antzezlanek eskuratu dituzte.