Maite UBIRIA

Konponbide prozesua azkartzeko mobilizazio eguna deitu dute irailaren 19rako

Konponbide prozesua zaila bezain erabakigarria den egoera batean dagoela sinetsirik, «jendartearen borondatearen adierazpen azkarra» izan nahi duen mobilizazio eguna antolatu dute irailaren 19rako Bake Bidea elkarteak eta Bakegileek. Frantziar Gobernuak bere ardurak har ditzala, euskal presoen auzian Fiskaltzari irizpide argiak emanez, galdeginen dute Prefetura aurrean. «Justiziareen bidea agortzen bada, bide politikoa zabaltzeko» engaimendu osoa dutela nabarmendu dute Baionan egin duten agerraldian.

Bake Bidea eta Bakegileen agerraldia, gaur goizean, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)
Bake Bidea eta Bakegileen agerraldia, gaur goizean, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Igor Gonzalez Solaren heriotzak bere gordinasun osoz erakutsi du espetxe politika arduragabeki luzatzeak ekar ditzakeen ondorio latzak, gaur Baionan eginiko agerraldian Bake Bideak eta Bakegileek nabarmendu dutenez.

Horren harira, salbuespeneko espetxe politikaari amaiera emanez, legea konponbide prozesuaren eskutik duela hamarkada bat sorturiko egoera berriari egokitzeko bi eskaera nagusi berretsi dituzte.

«Nehork ez dezala pensatu ekidin zitekeen heriotza hori gertatu den bezala frantziar espetxeetan ezin direla halako gertaera larriak gertatu» ohatrarazi du Mixel Berhokoirigoin bakegileak.

«Ez dugu desarmatzea egin bide erdian gelditzeko» gehitu du Bake Bidea elkarteko lehendakaria den Anaiz Funosasek, berretsiz engaimendu osoa dutela konponbide prozesua bururaino eramateko.

Heldu den irailaren 24an erabaki inportanteak espero dira espetxean 30 urte daramatzaten Xistor Haranburu eta Jakes Esnalen auzietan. Ion Kepa Parotek, berriz, seigarren askatasasun galdera aurkeztu duela baieztatu dute gaur bake eragileek.

Auzi horiek guztiek behar dutela seinale argi bat utzi konponbide prozesuaren jarraipenari begira uste dute. Izan ere, «justiziaren bideak agortuta daudela frogatzen bada bide politikoak hartuko duela ezinbestean indar osoa» aditzera eman dute.

Hau da, epaitegiek ez badute biderik erakusten «Emmanuel Macron presidentearengana zuzenduko gira», erran du Berhokoirigoinek.

Mobilizazio egun bat, errimoa azkartzeko

Irailaren 19an, goizean, Ipar Euskal Herri mailan herri mobilizazioak izanen direla iragarri dute. Eguerdian, berriz, hiru auto karabana abiatuko dira Maule, Donibane Garazi eta Hendaiatik. 14.30ean Baionako Prefeturaren aurrean batuko dira «jendartearen borondate azkarra erakutsiko duen ekimen batekin», gehitu du Funosasek.

Datozen egunotan zeheztasun gehiago emango dituzte mobilizazio egunari buruz.