NAIZ

Nazioartetik iritsitakoak eta euskal artistak elkarrekin arituko dira Atlantikaldia jaialdian

Irailaren 24tik 26ra Fanderian nazioarteko eta Euskal Herriko artistak bertatik bertara entzuteko aukera eskainiko da. Asteburuko musika jaialdiarekin abiatuko da aurtengo Atlantikaldia baina urtean zehar luzatuko da kultur egitasmoa. 

Ostiral honetan aurkeztu da Atlantikaldia Errenterian. (NAIZ)
Ostiral honetan aurkeztu da Atlantikaldia Errenterian. (NAIZ)

Hiru ardatz izango ditu aurtengo kultur topagune eta musika jaialdiak. Hasteko, irailaren 24tik 26ra Fanderiako tenis pista hartuko du Atlantikaldiaren musika jaialdiak eta bertan kokatuko duten oholtza gainean ikuskizun bakarrak eskainiko dituzte nazioartetik etorritako taldeek euskal artisten kolaborazioekin.

Jaialdiaren lehen egunean, hilaren 24an, La Yegros artista argentinarrak Ines Osinaga (Gose) igoko du agertokira. Ostiraleko lehen kontzertuan, Guillem Roma katalandarra Afrika Bibang algortarrarekin batera ikusi ahal izango dugu eta eguneko bigarren ekitaldian, Arat Kilo & Mamani Keita (Frantzia/Mali) Mad Muasel bilbotarrarekin.

Larunbatean, berriz, hiru kontzertu berezi eskainiko dira: eguerdian Pedro Pastor kantautoreak Izaro gonbidatuko du eszenara; iluntzean, Oum (Maroko/Frantzia) Alos Quartet laukotearekin arituko da;
eta eguneko azkenak, Che Sudaka taldea (Kolonbia/Argentina/Katalunia), Huntza taldeko Josune Arakistain, Uxue Amonarriz eta Aitor Huizi igoko ditu eszenatokira.

«Osasun publikoa babesteko neurri guztiak kontu handiz zainduko dira emanaldietan eta bertaratzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapena eskuratzea», ohartarazi dute antolatzaileek ostiral honetan egindako agerraldian.

Musika saioetarako gonbidapenak irailaren 14ko 10.00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira: modu presentzialean Niessen Kulturguneko txarteldegian (10.00-13.00 eta 17.00-20.00) eta internet bidez, jaialdiaren webgunean, guztiak ere doan.

«Jaialdiaren arima, baina, ez da hiru egun hauetara mugatuko: herriko eragileek proposatutako proiektu eta ikuskizunak abendura bitarteko kultur egutegian kokatu ditugu –jakinarazi du Aizpea Otaegi alkateak–. Eskerrak eman nahi dizkiegu eragileei. Jakin badakigu esfortzu berezia egin dutela proposamenak prestatzeko eta jaialdiaren izaera partehartzaileari eutsiz, ahal den neurrian proposamen horiek aintzat hartuko ditugu datozen hilabeteotan». Hauxe bigarren zutabea.

Aurten aurrerapausu bat gehiago eman nahi izan du Udalak eta nazioarteko artista eta tokiko artista zein eragileen gurutzaketak ahalbidetuko dituzte Atlantikaldia zigilupean. «Jaialdiaren bereizgarri nagusienetakoa kulturen arteko mestizajea eta elkarren arteko eragitea da. Hortik abiatuta, harreman berriak sortu nahi ditugu, artista eta eragileen lanari bide berriak zabaldu nahi dizkiogu eta urtean zehar herriko bizitza kulturala aberastuko duten proiektu berriak aktibatu», esan du Otaegik. Hala, aurtengo jaialdiaren hirugarren ardatza, asteburuko programazioaz haratago hedatuko diren diziplina ezberdinetako artisten elkarlan prozesuak izango dira.