Dabid Lazkanoiturburu

Navalnyren jarraitzaileek garaipen «sinbolikoak» aldarrikatu dituzte udal hauteskundeetan

Alexei Navalny oposizioburuaren aliatuek garaipen sinbolikoak aldarrikatu dute Siberiako bi hiritan udal hauteskundeetan. Hala ere, bozetan irregulartasunak salatu dituzte. Navalny Berlingo ospitale batean dago, ustezko pozoidura pairatu ondoren.

Novosibirskeko plaza batean Leninen estatua. (Alexander NEMENOV/AFP)
Novosibirskeko plaza batean Leninen estatua. (Alexander NEMENOV/AFP)

Hauteskundeak Errusiako erregioen erdian (85tik 41ean) ospatu dira eta gobernadoreak, erregioetako asanbladak, udalak eta Errusiako Parlamentuko lau diputatu aukeratu dira.

Hala ere, eta 40 milioi errusiar baino ez bazeuden bozkatzera deituta, hauteskundeok berebiziko garrantzia zuten garai onenak bizi ez dituen Kremlinen alderdiarentzat, Errusia Batuarentzat, eta kanpainan zehar Alexei Navalny ustez pozoindu duten honetan.

Errusia Batua ahulduz doa azken urteetan korrupzio eta gehiegierien salaketen artean. Gainera, boza 2021eko legebiltzarrerako hauteskundeen entsegu bezala hartu dute adituek. 2024ko presidentzialetan berriro ere bere burua aurkezteko asmoa duen Vladimir Putin presidentearen ospea neurtzeko ere balio dute, inposatu berri duen Konstituzioaren erreformaren ostean.

Horrela, bada, Novosibirsken, Errusiako hirugarren hiri populatuenean, Navalnyren taldeak Serguei Boikok udal kontseiluan postua lortu izana aldarrikatu du. Boiko oposizioko koalizioaren hautagaia zen, eta besteak beste Navalnyren babesa zuen.

Tomsken ere, Siberian hau ere, oposizioak bi eserleku lortu ditu udal kontseiluan, bat Navalnyren taldekidea den Ksenia Fadeeva gaztearentzat.

Tomskeko emaitzak balore sinbolikoa du; izan ere, bertatik itzultzen ari zela pozoindu omen zuten oposizioko buruzagia, ustez bere erropan Noviutchok agente neurotoxikoa botata.

Emaitza ofizialak eta guztiak jakitera eman ez diren arren, Putinen alderdiak eserleku gehienak lortuko dituela ziurtzat jotzen da. Boto portzentajeetan dago gakoa.

Tomsken kasuan, lehen emaitzen arabera, Errusia Batuak lehen indarra izaten jarraitzen du 500.000 biztanle dituen hiri unibertsitarioan bozen %24,46arekin, baina 2015ean lortu zuen %52.27tik oso urrun.

Levadak egin berri duen inkesta baten arabera, errusiarren %31 «soilik» legoke prest Kremlinen alderdiari bozkatzeko.

Hauteskundeak hiru egunetan ospatu dira, ostiraletik igandera, hautesleku mugikorretan eta askotan kalean. Udan egin zen Konstituzio erreferendumaren antzera, Gobernuak koronabirusaren aitzakia jarri du bozak horrela antolatzeko.
 
Oposizioarentzat, ordea, metodo horiek zaildu egiten dituzte behaketa lanak eta iruzurrak samurtu. Golos oposizio GKAk 1.570 lege-hauste salatu ditu, tartean hautestontziak hasieratik beteta iritsi izana.

Serguei Boikok berak «makina bat arau-hauste» salatu ditu, esate baterako botopaperak gordetzen zireen kutxetan zigilua apurtuta zegoela.

«Boz inteligentea»

Dena den, hauteskundeetan Navalnyk martxan jarri zuen «boz inteligentearen» eraginkortasuna neurtu ahal izango da. Taktika honen bidez Errusia Batuari irabazteko aukera gehien duen hautagaiari boto emateko egiten da.

Taktika Moskun jarri zen martxan lehen aldiz iazko udako hauteskundeetan eta botereak eserleku asko galdu zituen eta oposizioak ia erdia eskuratu zituen Errusiako hiriburuan.

Errusia Batua, Alderdi Komunista eta LDPR alderdi panerrusiar eta xenofoboaz aparte, Kremlinek bultzatu dituen beste lau «oposizioko» alderdi aurkezten dira, benetako oposizioa zatitu nahian.

Hauen artean «Jende Berria» eta «Egiari Zor» alderdiak daude, azken hau gazteen artean bozak lortzeko Zajar Prilepin idazleak aurkezten duena.

Navalny bera liberala eta Mendebaldearen aldekoa izanik, ez du inolako erreparorik hautagai komunistak, xenofoboak edo independienteak babesteko.

«Boz inteligenteak» jarraitzaile asko ditu baina batez ere 200.000 biztanlegotik gora dituzten hirietan.  

Gobernuaren aldeko lindaren iritziz, taktika hau kanpotik bultzatutako kanpaina bat da Errusiako egoera politikoa nahasteko.

Muturreko Ekialdean ere

Hala ere, Putinek bizi duen krisi larriena Jabarosken da, muturreko ekialdean. Txinako mugatik gertu dagoen hirian ez dira hauteskundeak ospatu baina bi hilabete bete ditu Kremlinen hauagaiari gailendu zitzaion bertako gobernadorea kargutik bota izana salatzen.

Serguei Furgal LDPR alderdi paneslaviarraren buruzagia da baina ustelkeria gogor salatu zuen. Ustezko erailketa bategatik kartzelan sartu zuten.

«Zaharra kanpora!», oihukatzen zuen jendeak aurreko larunbatean beste manifestazio baten. «Bere leloa lapurretan ez egitea zen. Furgal asko maite zuen jendeak. Berarekin gauzak aldatuko ziren esperantza geneukan. Izan ere, urte bakar batean hobera egin zuten. Horrexegatik hain zuzen dago jendea hain haserre. Inork ez du Moskurengan eta Errusiar Batuan inolako konfidantzarik», dio Sergei Naumov hiriko ekintzaileak.