Hezkuntzan kontratazio gehiago egiteko oihuek Boulebarra eta Okendo kalea hartu dituzte
Alderdi Ederretik abiatu da Hezkuntza sektoreko profesionalen manifestazioa Donostian, ikasturteko lehen greba egunean. Milaka lagun batu dira, segurtasun distantzia mantenduz, ratioak txikitu eta profesional gehiago kontratatzea eskatzeko aldarriak beraienak eginez. Aurrez aurreko eskolaren alde daude baina horretarako langile gehiagoren beharra funtsezkoa ikusten dute.
«Eromena ari da izaten», diote Zuhaizti ikastetxeko jangelako bi arduradunek. Burbuilaren protokoloa langile gehiago kontratatu gabe betetzea ezinezkoa delakoan dira eta, beraz, deitoratu dute bi gela ezberdinetako umeak nahasten direla mahai berean. «Iazko profesional kopuru berdina gaude eta egoera erabat desberdina da», ohartarazi dute.
Patxi irakaslea da Haurtzaro ikastolako DBHko 3. mailan. Salatu du Lakuak enpresa pribatuei gomendaturiko protokoloa bera ez duela betetzen bere kargu dagoen Hezkuntza sisteman. «Eta zergatik da hori? Dirua suposatzen duelako, jakina!», kontatu dio NAIZi manifestazioa hasi berritan.
Azkenean, protokoloa beraiek birmoldatu behar izan dute baliabideen arabera. DBHkoak gaur ziren klasean hastekoak baina, greba egunarekin, bihar abiatuko dute ikasturtea eta esaterako, Patxik adierazi duen legez, «ziurtatu dugu ikasgela ezberdinak elkar ikusi ez daitezen».
Jangela zerbitzua ere mantendu nahi izan dute −jangeletako profesionalen %60 langabe dago eskola batzuek zerbitzua etetea erabaki dutelako, baliabide eskasia dela-eta− baina guztia egokitzeko egindako inbertsioa beraien poltsikotik jarri dutela deitoratu du.
Ratioak txikitu eta kontratazio gehiago egitea da hezkuntza sektoreak barnebiltzen dituen profesional guztien aldarrikapena. Aurrez aurreko eskolen alde daude, hauek martxotik ekainera bitartean eten ostean; koronabirusaren pandemiaren fase gogorrenean, alegia. «Aurrez aurre bai, segurua ere bai!», defendatu dute manifestariek.
Agintarien jarrera «arduragabea»
Eskolak «espazio seguruak» direla ikusten ez dutenez, gehiengo sindikalak (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT) ikasturteko lehen greba eguna deitu zuen astearte honetarako.
Ikusezin bihurtu naiz izan duten arren, zerbitzu minimoekoekin protesta ixilarazi nahi izan duten arren...
— LAB Irakaskuntza (@labirakaskuntza) September 15, 2020
Arrakasta gurea izan da!!!
Langileok eta hezkuntza-komunitateak argi esan dugu #ItzuleraSeguruetaAdostua behar dela!!! pic.twitter.com/xSISLSsWTL
Bukaera ekitaldian aipatu legez, agintariek «sei hilabete eduki dituzte» ikasgeleterako itzulera prestatzeko baina «klaseak hasteko 3 egunen faltan» eman zuten lehen urratsa. «Arduragabekeriaz» jardun dutela egin dute protesta. Era berean, kritikatu dute harturiko erabakiak alde bakarrez hartu dituztela, sindikatuekin kontsultatu gabe.
Esaterako, 1.000 irakasle gehiagorentzako partida onartu zuela adierazi zuen Lakuako Hezkuntza Sailak baina Donostian barrena egindako manifestazioan «non daude 1.000 irakasle?» bezalako oihuak nagusitu dira.
Espero baino jende gehiago batu da Alderdi Ederretik abiatu den mobilizazioan eta sindikatuek «arrakasta» gisa baloratu dute, nahiz eta ados egon ez ezarri diren zerbitzu minimoekin. Hasiera jada Boulebar zumardiko erdialdera iritsi denean, oraindik jendeak Udaletxe parean bilduta jarraitzen zuen mobilizaziora batu nahian.
#Hezkuntza greban itzulera seguru eta adostuaren alde. Donostian manifa jendetsua pic.twitter.com/2GHVGqImVO
— ELA Donostia (@ELAdonostia) September 15, 2020
Amaiera ekitaldia kioskoan egin da eta bertara hurbildu dira 40 bat lagun, aforo mugatuagatik. Gainontzeko manifestariek Boulebarra eta Okendo kalea guztiz hartu dituzte, trafikoa ordubetez erabat nahasiz. Kotxeetako bozina hotsek −batzuk manifestariei animoak eman nahian, beste batzuk haserreago− animatu dute giroa.
Jada ikastetxe batzuk itxi egin behar izan dituztela ere oroitu dute, honek egoera zaurgarrian dauden ikasleei eragiten dien zailtasunak ohartaraziz. Horregatik, hain zuzen, defendatu dute aurrez aurreko eskola, klase presentzialak, bakoitzaren beharrei era zuzenean erantzuteko.
Ikasgela bakoitzeko 10-15 ikasleko ratioa eskatzen dute −Haur Hezkuntzan txikiagoa−, segurtasun distantzia mantendu ahal izateko beste eraikin batzuen erabilera ere aldarrikatu dute, hala nola jangela zerbitzua bermatzea ere. Egungo egoerari erreparatuta, «zientzia fikzioa dirudiena, alegia».
Azpikontraten aldarrikapenak
Arestian aipatu legez, ikastetxe batzuetan eten egin da jangela zerbitzua. Ane Alberdi ELAko ordezkariak zehaztu du begiraleen %60 langabe dagoela eta zerbitzu hori eteteak kontziliazioan zuzenean eragiten duela seinalatu du.
Garbitzaileak, jangeletako arduradunak eta garraio zerbitzuko gidariak azpikontratatutako enpresa baten menpe daude eta «ikusezinak» direla irizten dute. «Hezkuntza Sailarentzat ez da bere erantzukizuna eta enpresak argudiatzen du ez daukala baliabide gehiago», dio Alberdik, azkenean erdibidean geratzen den sektorea dela ikusaraziz.
Garbitzaile eta jangeletako begiraleen sektorea, gainera, feminizatua dela azpimarratu du eta %80ko partzialitatea dagoela −egoera probestuz, garbitzaileen grebarako eskubidea ere aldarrikatu dute oihuen bitartez−. Lanordu gehiago gehitzearen beharra ikusten dute, hala nola kontratazioa areagotzea. Garraio gidariei, dagokionez, autobusetan ikasgeletako burbuila mantentzea ezinezkoa dela dio Alberdik. Autobusek %100ean funtzionatzen dute eta ohiko ibilbidea egiten dutela; hau da, auzo ezberdinetako haurrak nahasten dira.
Hezkuntza sistema geratu egin da astearte honetan eta hau etenez gero, eragin ditzakeen ondorioak anitzak izan daitezkeela ere abisatu dute. Ikusteke dago norainoko ibilbidea egiten duen Donostian Boulevarda eta Okendo kalea kasik oso-osorik hartu duen aldarrikapen indartsuak.