Acunsa osasun aseguru konpainia izango da Gipuzkoa Basketen babesle nagusi berria datozen hiru denboraldietarako eta taldeak "Acunsa Gipuzkoa Basket" izena hartuko du.
Akordioa gaur gopizean aurkeztu dute Donostian, eta bertan izan dira Ignacio Nuñez klubeko presidentea eta Guillermo Catalan Acunsako zuzendari komertziala.
«Ilusio handiz aurkezten dugu hitzarmen hau Acunsa bezalako enpresa batekin. Hiru denboralditako babesletza-akordio garrantzitsu bat lortu dugu, eta ziur gaude Endesa Ligako denboraldi berrirako eta gure klubarentzat ekarriko dituen erronka guztietarako bidaide ezin hobea izango dela», azpimarratu du Nuñezek.
Zehaztu dutenez, Acunsa osasun estaldurako aseguru-konpainia bat da, eta mediku-talde zabala eskaintzen du Gipuzkoan.
Mariam Colibaly, pozik Donostian
Aurkezpen egunak dira hauek saskibaloi munduan, ACB Liga zein emakumezkoen Liga asteburuan hasiko direlako. IDK Euskotren emakumezkoen talde donostiarrak, esaterako, Mariam Colibaly aurkeztu zuen astearte arratsaldean Gascan.
Bere adierazpenetan azaldu zuenez, lehen astean talde berrira ongi egokitu da, eta apurka-apurka taldearen jokoa ulertzen hasi da. Taldekide berriei buruz, batez ere barruko jokoari buruz, Toch Sarren aurka jokatzea oso zaila izaten dela aipatu zuen, eta askoz gehiago gustatzen zaiola orain, taldea partekatzen baitute.
Azu Muguruza entrenatzaileari buruz esan zuen atentzioa eman ziola nola zuzentzen zuen talde eta orain pozik dagoela bere taldean egonda. Espainiako Ligara itzultzeari buruz, lehiaketa horretako jokoa nahiago duela esan zuen, gainerako taldekideek bezala, Koparako sailkapena lortzea helburutzat jarriz.