naiz

Emanaldia eskainiko dute 13 kultur eragilek, Zaporeak babestu eta Lesboseko egoeraren berri emateko

Datorren larunbatean, irairalen 19an, eguerdiko 12.00etan hasita 13 kultur eragilek «larrialdi emanaldia» eskainiko dute Zaporeak proiektuaren alde Donostiako Antigua auzoko pilotalekuan.

Zaporeak-eko boluntarioak janaria banatzen Moriako errefuxiatu-eremuan, Lesbosen. (Zaporeak).
Zaporeak-eko boluntarioak janaria banatzen Moriako errefuxiatu-eremuan, Lesbosen. (Zaporeak).

Lesboseko uhartean migratzaile errefuxiatuei jana emateaz arduratzen den elkarteak azaldu duenez, Euskal Herriko kultur eta sorkuntza alorreko eragile hauengandik etorritako proposamenak pertsona errefuxiatuei beraien elkartasuna adieraztea du helburu, egoeraren inguruko hausnarketa bultzatu eta, ahal den heinean, diruz Zaporeaken proiektua laguntzea.

Gogoratu behar da Lesboseko Moria kanpalekuak sua hartu zuela iragan astean, eta Kara Tepe kanpalekura bideratu dituzte errefuxiatuak. Greziako uhartean, gainera, protesta ugari egiten ari dira errefuxiatuak, pairatzen ari diren baldintza kaxkarrengatik. Zaporeak elkartearen sukaldeak, ordea, lanean jarraitzen du.

Emanaldi «xumea eta mimo handikoa» izango dela azaldu dute, eta lehentasuna hitzak izango duela, transmititu nahi den mezuak. Horrela, sortzaile bakoitzak beretik eskainiko du ekitaldirako prestaturik pieza, bertso edo sorkuntza txikia.

Ondorengoek osatuko dute datorren larunbateko kartela: Amets Arzallus, Mursego, Jose Luis Otamendi, Anari, Ruper Ordorika, Ibon RG, JMartina, Gorka Urbizu, Maialen Lujanbio, Juantxo Arakama & Lilith Selektah, Beñat Gaztelumendi, Jule Goikoetxea eta Harkaitz Cano.

Erreserbak aurrez eskuratzeko bi bide egon dira: on line (agortu dira), eta Hontza liburudendara gerturatuta. Aforoa 300 lagun ingurukoa izango da. Erreserbak ekitaldi egunean bertan ordainduko dira.

Nahiz eta sarrera erreserbak agortuta egon, «zero ilara» deritzonaren bitartez ekarpenak egiten jarraitu daiteke Zaporeaken bi kontu korronteetan: Kutxabank: ES32 2095 5011 80 9115250322 eta Laboral Kutxa: ES71 3035 0103 88 1030035880

Bizum plataformaren bitartez dirua emateko aukera ere zabaldu dute: Dohaintzak Zaporeak Proiektua 00435.