naiz

Gasteizko Salburua ikastetxeko zuzendaritzak bere funtzioak utziko ditu ikasleei laguntzeko

Gasteizko Salburua eskolako zuzendaritza taldeak prentsa-ohar baten bidez iragarri du datorren astelehenetik aurrera zuzendaritza lanak alde batera utziko dituela, eskolan bi hutsune bete ahal izateko, bat haur hezkuntzan eta bestea gorputz hezkuntzan. Bi postu hauek bere gain hartuko ditu zuzendaritzak.

Concentración de los cinco sindicatos de Educación pública frente a Gobierno de Gasteiz ante los recortes el pasado mes de junio. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Concentración de los cinco sindicatos de Educación pública frente a Gobierno de Gasteiz ante los recortes el pasado mes de junio. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Salburuako Eskola Kontseiluko ezohiko bileran eman du erabakiaren berri zuzendaritzak. «Izurriteak baldintzaturiko egungo egoeran, ikasturte hasiera oso zaila ari da izaten ikastetxe guztientzat; taldeen arteko isolamendua mantendu beharra, sarrera eta irteeren kontrol zehatza, distantziak bermatzea, sintomak dituzten ikasleen isolamenduak...», agertu du oharrean.

Egoera horrek bultzatuta, eta Lakuako Hezkuntza sailak iragarritako mila irakasleren kontratazioa ez dela gauzatu ikusita, Salburuako eskolan bete gabe daude haur eta gorputz hezkuntzari dagokien lanpostuak. «Langile gehigarririk ez izateaz gain, beste urteetan baino bi irakasle gutxiago ditugu», esplikatu dute.

Halaber, zuzendaritzak adierazi du orain arte talde guztien segurtasuna bermatzen eta protokoloa betetzen saiatu diren arren, jada egoera «jasanezina» bilakatu dela, kontuan izanda Salburuan 700 ikasle inguru daudela matrikulatuta.

«Zuzendaritza taldeak, bi langile horien eskaera irailaren batetik kudeatu du, baina [Hezkuntza] sailetik ez du inongo erantzunik jaso. Egoera honen aurrean, eta izurriteak eragindako textuinguruan, eskolako ikasleen segurtasuna eta gelen funtzionamendu ona lehenesteko ahaleginean,ikasketa buruak eta zuzendaria berak, gorputz hezkuntza eta haur hezkuntzako taldeak beraien gain hartuko dituzte, falta diren bi irakasle hauen kontratazioa departamentutik gauzatu bitartean».

Kontratazioa gauzatzen denean beraien ohiko lanetara itzuliko dira zuzendaritzako kideak.