LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 70 - EMBUTIDOS PAJARIEL BEMBIBRE 45
Ez da hutsik egon Maloste kiroldegia, 250 bat zale sartu baitira Lointek Gernika Bizkaiak etxean jokatu duen aurreneko partida ikusteko. Zale gutxi hauen epela nahikoa eta gehiago izan da talde bizkaitarrak 2020/21 denboraldiko aurreneko garaipena lortzeko. Bembibrek hirugarren laurdenaren azkenera bitartean tamainan eutsi dio, baina Gernikak 15-0eko partziala erdietsi du eta hantxe apurtu da norgehiagoka.
Bembibre oso talde berria da eta Bierzoko taldeak jokalari onak bezain ezezagunak ditu. Alabaina, taldea egin gabe duenez, hutsuneak ere lagatzen ditu. Hutsune horietaz baliatu da Gernika Bizkaia hasiera haiseratik abantaila hartzeko. Bjorklund edo Corneliusen hirukoek aurreneko bultzada eman diote talde bizkaitarrari, barrutik lekurik aurkitzea kosta egin zaiolako lehenengo minutuetan.
Partidak aurrera egin ahala, ordea, Gernikak zona barruan lekua eta jaurtiketa errazak aurtiku ditu, eta hantxe eman ditu nadia Colhado pibot brasildarrak orain arte Gernikan eman dituen minuturik onenak. Jaurtiketa errazak eta puntu errazak bai, baina Bembibre gainetik kendu ezinik ibili da aurreneko erdian euskal taldea, Bembibrek Rhinen puntuei esker erantzuten jakin duelako. Dena dela, atsedenaldirako alde polita atera dute txekoek: 38-27.
Bost puntu hiru segundotan
Rhineri indarra agortzen joan ahala, errazago jokatu ahal izan du Gernika Bizkaiak. Baina partida hirugarren laurdeneko bigarren zatira arte bizirik egon da. Nogale Lok 46-34koa saskiratu ostean, markagailua ez atzera ez aurrera geratu da zenbait minutuz. Halakoren baten, Paula Ginzok bere aurreneko saskiratzea lortu duelarik, gernikarrek aldea ateratzeko lehenengo pausoa eman dute eta hirugarren laurdeneko azken segundoetan hautsi dute norgehiagoka. Hiru segundoren faltan Ginzok 50-36koa igoarazi du markagailura, eta azken laurdena hala hasiko zela uste arren, Ivanovicek baloia ohostu eta hiru jaurtiketa libre atera dizkio bere arerioei: 53-36.
Partziala zabalik, Bembibrek besoak jeitsi ditu eta azken laurdenean eroso eta pozik jokatu ahal izan du Gernikak. Joan den astean Valentzian galdu ondoren, pixkanaka martxa eta jokoa berreskuratu ditu Mario Lopezen taldeak, eta gernikarren entrenatzaileak errotazio guztia, Marta Alberdi eta Naiara diez kapitaina barne, kantxaratzeko aukera ere izan du. Malosteko etxeko epeletan, inolako aitzakiarik gabeko garaipena eskuratu du, denboraldi hotan lortuko dituen beste askoren aurrena.