Kattin CHILIBOLOST
Entrevista
Mickael FORREST
FLNKS mugimenduaren nazioarteko harremanetarako arduraduna

«Herri ttipi bat gara eta bide demokratikoetatik borrokatzen jarraitu nahi dugu»

Mickael Forrest FLNKS kanakiar mugimendu independentistaren baitako kanpaina zuzendaria da. Noumean antolaturiko ekitaldi batean zelarik telefonoz erantzun dizkie KAZETA.EUS atariak eginiko galderei. Igandean eginen den erreferenduma baita ondorengo urratsak ere izan ditu aipagai.

Forrest, erdian, kanakiar delegazio batekin heldu zen, 2018 urrian, Baionara, (Aurore LUCAS)
Forrest, erdian, kanakiar delegazio batekin heldu zen, 2018 urrian, Baionara, (Aurore LUCAS)

2018ko galdeketan ezetzak irabazi zuen. Zer itxaropen dituzue urriaren 4rako?

Dinamika baikor batean gaude. Posizio batzuk mugitu egin dira. Erraterako, eliza baiezkoaren alde kokatu da. USTKE sindikatu independentistak 2018an hauteskundeak boikotatzera dei egin zuen eta aurten baiezkoaren aldeko kanpainan murgildurik da. Oraino egun batzuk ditugu egiazko proiektu bat aurkezteko. Ez ditugu ametsak sortu nahi poltsikoak betetzen dituzten praktikekin. Herriaren etorkizunera begira itxaropena ematen duen proiektu bat defendatzen ari gara.

Zeintzuk dira kanpaina honetan lehentasunez lantzen ari zareten gaiak?

Justizia soziala, diskriminazioaren eta kapitalen ihesaren kontrako borroka, ingurumena... gai hauek transbertsalak dira. Bestalde, arazoak egoera geografikoaren baitakoak dira. Haraneko bestaldeko tribu bateko herritarrak ez ditu hiri erdiko auzo batekoen behar berdinak. Aldiz, tokiko dinamika beti da dinamika politiko baten parte.

Estatuak ezartzen dituen oztopoak aipatu dituzu. Erroldaren gorabeherak.

Melanesiar anitz ez dira zerrendetan oraino, arrazoi ezberdinak tarteko. Arrazoi juridikoak izaten ahal dira, Estatuak iradoki duen gisan. Baina gure iritziz, auzia batez ere politikoa da. Diskriminazio egoera batean gaude, eta Nazio Batuen Erakundean salatu izan dugu.

Zenbat pertsona leudeke zerrendetatik kanpo?

Ez dugu kopuru zehatzik. Jakin behar da hiru hautets zerrenda dituen lurralde bakarra garela frantziar Estatuan. Noumeako Akordioen baitan haka erabaki zen, denek bozkatu ahal izan dezaten. Baina zenbait maniobra juridikok biztanle europarrei bozkatzea permititu zien, Akordioaren kodeak baimentzen ez zuenean. Gainera, hainbat melanesiarrek ezin du bozkatu. Goiz huntan izen-ematea egiaztatu duten hainbat militanterekin izan naiz, eta ez dira bozkatzaileen zerrendan ageri.

Kanpainan zehar frantziar banderaz egin den erabilera salatu duzue.

Gauza bera da. Frantziar hauteskunde kodeak ez du bandera nazionalaren erabilera permititzen. Baina juristek segurtatu ahal izan dute frantsesen aldekoek frantziar bandera erabili ahal izatea, eta baita Marseillesa ereserkia bera ere. Kongresuan eta Estatuko Kontseiluan salatu dugu. 280.000 biztanleko herri ttipi bat gara eta bide demokratikoetatik borrokatzen jarraitu nahi dugu. Terrenoko mobilizazio, martxa, eserialdi eta gutun bidalketa bidez aritzen gara.

Baiezkoak irabaziko balu, nola ikusten duzu urriaren 4ko biharamuna?

FLNKS-en hahikeria da urriaren 5ean gure herriaren independentzia aldarrikatzea. Hala ere hiru urteko trantsizio bat proposatuko genuke frantziar Estatuarengandik konpetentzia soberanoak nola eskuratzen ditugun negoziatzeko. Hori guzia Nazio Batuen eta Pazifikoko Estatuen babesean. Nazio Batuen deskolonizazio batzorde bereziak eskainitako koadroan oinarrituko litzateke prozesu guztia.

Zeintzuk izanen lirateke trantsizio horretako solaskideak?

Noumeako Akordioko partaideak izanen dira. Trantsizio hori Nazio Batuek proposaturiko arau juridikoen baitan eramatea nahi dugu, Pazifikoko Estatu independenteekin babesarekin. Monetaz, justiziaz eta armadaz frantziar goi funtzionarioekin lanean segitu izan bagenu, beti musika berdina entzun behar izanen genuke. Nahiz eta batzuetan CDa aldatu.

FLNKS mugimenduko nazioarteko harremanen arduraduna zara. Nazioarte mailan zer etorkizun luk Kanaky herriak? Aldaketa handiak aurreikisten dituzue zuen herriarentzat?

Bortxaz. Herri kolonizatu batetik independente batera gauza anitz aldatzen dira. Ez gaude frantziar Estatuaren kontra. Sinpleki, logikoa iruditzen zaigu herriarentzat kokapen geografikotik lan egitea. Vanuatuko kontsularekin elkartu gara erreserba bankuarekin lan egiteko eta Fijirekin armaden independentziaz mintzatzeko. Australiako kontsul ezberdinak ere ikusi ditugu.

Pazifikon sare diplomatiko bat dugu. Merkataritza, segurtasuna, itsas bideak eta formakuntzari loturiko txostenak ukanen ditugu. Kanakiar gazte batek Australian lortzen duen matematika tituluak ez du baliorik hemen. Gure proiektuak goi mailako hezkuntza politika Pazifiko osora berbideratzea jasotzen du. Batetik, ikasleak Frantziara bidaltzea baino merkeagoa izanen delako eta bestetik, gazteak eskualdean integratzen lagunduko lukeelako. Ondasun, aire zerbitzu, klima afera edota uraren mailaren emendatzearen kontu bat ere bada. Independentziari buruz eskualde ikuspegitik pentsatu behar da.

Ekonomikoki independentzia bideragarria litzateke?

Frantziar Estatuak 150 mila milioi ematen dizkio Kaledoniari militarren kanpaina, goi funtzionarioak eta beste kontratu batzuk diruztatzeko. Berdenboran, Barne Produktu Gordinean herrialdeak 935 mila milioi produzitzen ditu. Zenbaki adierazleak mahai gainean dira. Soilik kuraia politikoa behar dugu merkataritza balantza aldatu eta aberastasunaren banaketa hoberako baldintzak sortzeko.

Elkarbizitzaren gibelean zer hitz jarriko zenituzke? Zer da elkarbizitza?

Kontzeptu bat da, noski, baina elkartasuna, errespetua eta partekatzea bezalako balore melanesiarretan oinarriturik. Gaur gauden lekuan egotea permititu diguten baloreak dira. Eta gure aitzinekoek borrokatu zuten lan politikoarekin lanean jarraitu ahal izateko.

Egungo erregimenak beldurrarekin eta zatiketa sozialekin jokatu du. Honen aitzinean, garrantzitsua da akordioa eragiten dioten guziei oroitaraztea biharkoa ere haien herria izanen dela.

( Kattin Chilibolost kazetariak eginiko elkarrizketa osorik irakurri hemen )