Ramon SOLA
OIARTZUN

‘Krask soinua’, tortura ikusezinari argia emango dion dokumentala, crowdfunding-aren bultzadaz abian

Paco Etxeberriaren taldeak paperean beltzez idatzita utzi zuen errealitate gordina pantailetara eramango du Ander Iriarte zuzendariak. Kalabozoetako iluntasunean barrena, torturatu askok beren burua ez dutela torturatutzat hartzen ikasi du eta horretan jarriko du fokua. Crowdfunding kanpaina batek sustatuko du proiektua; hurrengo astean abiatuko da filmaketa erraztu behar duen herri bultzada.

Ander Iriarte zinemagilea, torturari buruz errodatzen hasteko prest. (Jon URBE | FOKU)
Ander Iriarte zinemagilea, torturari buruz errodatzen hasteko prest. (Jon URBE | FOKU)

5.000 torturatu inguru zenbatu ditu, Lakuako Gobernuaren enkarguz, Paco Etxeberriaren ikerketa taldeak eginiko txostenak. Asko dira, izugarri, baina gehiago ez ote diren nabarmentzen du Ander Iriarte zinemagile oiartzuarrak. Izan ere, jada bost urte duen ibilbide horretan irakaspen hau barneratu du: azken hamarkadetan erabiltzen den «tortura moderno, tortura sikologiko, tortura ikusezin» horren ondorioz, bada bere burua torturatutzat ez duen torturatu asko.

Hori ulertzeko ez du urrutira joan behar izan; etxean zuen adibidea. Lanaren aurrerapenak erakusten duenez, bere aita (Joxe Iriarte, «Bikila») da horietako bat. Duela urte batzuk politikari eta idazle aski ezagunak idatzitako ‘Borrokaren gorrian’ liburuan honela kontatzen zuen komisaldegian pasatakoa: «Bi aldiz erortzen naiz lurrera baina egoskor jarraitzen dut, flexioekin soil-soilik ez dutela ezer lortuko (...) Zangoak ez ditut sentitzen, hala ere itaunketarik egiten ez didaten bitartean, gaitzerdi».

Ander semeak erraz uztartu du kontakizun hau eta Paco Etxeberriaren txostenaren ondorioz egin zen kongresuan Pau Perez sikiatraren ahotik entzun zuena: «Torturatu askok dio bera ez zutela torturatu, ez zutela hainbeste jo... Tortura sikologikoak gehiago suntsitzen du, fisikoak baino ondorio larriagoak ditu».

Ikuspegi honetatik jarriko du kamera Iriartek, torturari buruzko dokumental honetarako. Gidoia, taldea, ekoizpena... dena prest dago, urriaren 8an abiatuko den crowdfunding-aren zain, errodatzea erraztuko duelakoan. Dena ondo bidean, hurrengo urtean ikusgai izango da.

«‘Itziarren semea’ efektua»

Film honetan ikuslearentzat gidari lana egingo du Iriartek. Eta ibilbide edo ildo gisa Kriminologia Euskal Institutuaren txostena hartuko du. «Zer argitzen du lan horrek? Espainian dauden atxiloketa guztiak eta tortura kasuen kopurua hartzen badituzu, agian ez da sistematikoa, baina hori sektore jakin bati aplikatzen badiozu, bai, sistematikoa izan da. Euskal gatazkarengatik izandako 20.000 atxiloketetan jada 5.000 baino gehiagotan tortura gertatu dela frogatu ahal izan da», adierazi dio NAIZi.

Sistemazio hori ez dela bakarrik Euskal Herrian gertatzen zehaztu du Ander Iriartek. «Mugimendu ezberdinei eraso egiteko mundu osoan erabiltzen da, hor dira Guantanamoko torturak, Abu Ghraib-ekoak... tortura bera erabiltzen da. Eta zeintzuk dira ezaugarriak? II. Mundu Gerraren ostean, 50eko hamarkadan eta 60eko hamarkadan tortura debekatzen den unetik, tortura ikusezin bilakatu behar izan zuten, eta ondorioz tortura fisikoa izatetik sikikoa izatera pasa zen».

«Denborarekin, gainera, hau mingarriagoa dela frogatu da –erantsi du zinegileak–. Tortura modu honek jada markarik uzten ez duenez, hein batean lotsagarriagoa da tortura jasaten duenarentzat. ‘Itziarren semea’ efektuaz hitz egiten zuen Ion Arretxek [Mikel Zabalzarekin batera Intxaurrondon torturatua] eta egia da». Puntu honetara iritsita, bere hausnarketa berresten du ‘Echeverriatik Etxeberriara’ (2013) lanaren egileak: «5.000 dira jada, baina zenbat gehiago daude? Zenbat dira oraindik beren burua torturatutzat ez dutenak? Inork ezin du ukatu Unai Romano torturatua izan zenik –tira, Auzitegi Nazionalak bai, baina kalean ia inork ez–, baina bere burua torturatutzat ez duen norbaitekin, nola ixten duzu prozesu hori? Tortura zerra edo elektrodoak baino ez direla pentsatzen duenarekin, nola?».

Tragedia hau nolabait «isilean itota» gelditu den neurrian, euskal gizartean utzi duen trauma «oraindik ez dakigu neurtzen», aipatu du oiartzuarrak. Kriminologia Euskal Institutuak egindako txostena bera, izugarrizko garrantzia izan arren, apalategi baten ertzean ahaztua bukatzeko arriskua hor dela aipatu du. Dokumentalak gizarteratzen lagundu nahi du, eta horretako bai Paco Etxeberriak bai lan horretan aritutako beste aditu batzuek parte hartuko dute, estaldura asko duen tortura modernoari geruzak banan-banan kentzen laguntzeko.

Barrutik apurtzen zaren uneak soinua badu

Zer agertzen da geruza horien azpitik? Errealitate ikaragarria, izan ere «zientzia bat dago tortura sikologikoaren atzean», ziurtatu du Iriartek: «Ez da gauza bera euskaldun bat, arabiar bat, ez dakit nongo emakume bat... Ikutu gabe ere pertsona bat txikitu dezakezu, baina jakin behar da nola».

Izenburua oraindik guztiz erabakita ez dagoen arren, ‘Krask soinua’ izan liteke euskaraz, ‘El sonido del crack’ gazteleraz. Azalpena behar du, dramatikoa bada ere: «Torturatu askori gauza bera entzun diot. Berdin da ostiaka izan, sikologikoki izan... bada momentu bat non barrutik hautsi egin zarela nabaritzen duzun. Deskripzioak ezberdinak dira: lurrera erortzen den portzelanazko panpin bat bezala, labezomorro bat bezala norbaitek zapaltzen duenean, apurtzen den makil bat bezala... baina hots hori dago beti, ‘krask’ hori agertzen da beti lekukotasunetan. Eta ‘krask’ hori da, aldi berean, torturatzaileek espero dutena. Hori iristen denean, bukatu da, haiek nahi dutena sinatuko duzu, beraien esanetara jarriko zara».

Ondorioetara heldu gara berriz solasaldian: depresioak, familia arazoak... «minbizia eta torturaren arteko harremana ez dakit ikertu den, baina kasu esanguratsuak daude –ekarri du gogora–. Estres baten ondorio izan daiteke? Nik ez dakit, baina ikertu beharko litzateke. Norbait torturaren bidez txikituta uzten duzunean, gainera, ez duzu bakarrik bera txikituta uzten, bere ingurua ere bai, bere familia, dena...»

Infernuetako bost urteko bidaia gogor honetan denetatik deskubritu du Iriartek: «Adibidez, torturatu eta gero aske utzi dituztelako oso gaizki pasatu duten pertsonak. Hori da tortura sikologikoa, hau guztia ikertuta dago, sistematizatua».

Crowdfunding-a herri tresna gisa

Copenhaguen dago mundu osoan torturatuko pertsonak fisikoki eta sikikoki osatzen laguntzen duen zentroa. Bertan errodatzeko asmoa eta gogoa du Ander Iriarteren taldeak, baina dena zehazteko crowdfunding-aren emaitza erabakiorra izango da. Ostegunean abiatuko da, urriaren 8an, eta 40 egunez luzatuko da. «Euro guztiak ekoizpenan gastatuko dira eta banaketa bermatuko da», aipatu du zuzendariak. Meta! programaren barruan sartu da dokumentala, eta horri esker herritarrek emandako euro bakoitzeko beste bat jarriko du Gipuzkoako Aldundiak.

Zintzo mintzo da Iriarte: «Errelato hau herriaren bultzadarekin egingo da edo ez da egingo. Ikusten ari garenez, beste batzuek telesailak eta milioiak dauzkate eskura beren kontakizuna egiteko, baina guk herriaren laguntza behar dugu».

Horrek ez du esan nahi, jakina, lana tortura pairatu duen sektorera soilik bideratuta dagoenik. Norengana iritsi nahi duen galdetuta, «giza eskubideengan sinisten duen edonorrengana», erantzun du zinemagileak. «Hemen zer gertatu den jakin nahi dutenentzat izango da, eta ez hemen bakarrik, Mendebalde osoan baizik».

«Darwinen ikerketa babestea bezala ikusten dut nik hau. Bera Galapago uharteetara joan zen eboluzioak han nola funtzionatzen zuen ikustera eta han deskubritu zuenak munduko beste tokietarako ere balio zuen. Gurea badakigu zer den: 50 urteko gatazka armatu bat, Francorekin hasten dena, Estatuaren estoldetan eginda... oso argi ikusten da hemen tortura, baina inork ezin dezake esan hau ezin dela bihar Katalunian gertatu edo abertzale ez den mugimendu baten aurka erabili... Ez dago beraz sektore zehatz bati zuzenduta, abertzaleez haratago doa».

Honetan sakonduz, nazioartean ere eragingo nahiko luketela baieztatu du Iriartek: izan ere, «gu gizarte moderno batean gaude, nazioarteko itun guztiak sinatuta dituena... eta hala ere tortura gertatu da, era sistematikoan. Hau ez da Mexikoco kartzela zikin batean gertatu den zerbait, edo Afrikako ez dakit non. Eta ez da lau txoratuk egin dituzten gehiegikeria batzuk, ondo antolatutako sistema bat baizik».

Bestelako zehaztasunei dagokienez, Mirokutanak ekoizten du lana, Irusoin eta Gastibeltzarekin batera; «kalitate maila bermatuta dago beraz», aurreko lanak froga direlarik, ‘Loreak’ esaterako. Honez gain, ‘Krask soinua’ 2017ko Donostiako Zinemaldian Lau Haizetara koprodukzio foroan hautatua izan zen.

Ezinbesteko azken aipamena, aste hauetan euskal gatazkaren inguruan arrapaladan etorri diren film eta telesailak ikusita: zurrunbilo horren barruan zein tokitan kokatzen du Iriartek bere lana? Atzera begiratzen, 70-80. hamarkadetan lan aipagarri batzuk izan zirela ekarri du gogora: ‘La muerte de Mikel’, ‘Operación Ogro’... 2000. urtearen bueltan, «espainiar jende askorentzat ere irenstezinak ziren lanak hor dira, ‘El Lobo’, ‘GAL’, horren manikeoak ziren!».

Egun, «produkzio mailan izugarrizko kalitatea duten pelikulak etorri dira, ‘La linea invisible’ edo ‘Patria’, kalitatea ezin zaie ukatu eta aurrekoekin alderatuta errealitatetik hurbilago daude, noski». Baina beste kontakizun batzuetarako tartea, are gehiago beharra, ikusten du zuzendari oiartzuarrak, eta herri ekarpenaren garrantzia berresten du, ‘Non dago Mikel’, ‘Caminho Longue’ edota ‘Bi urte, lau hilabete eta egun bat’ adibide direlarik.

«Ironikoa da –ondorioztatu du–; beren esanetan ‘egia’ kontatzen duten pelikulek fikzioa erabiltzen dute eta ‘gezurra’ kontatzen omen duten gure istorio hauek dokumentalak dira».