OIHANE LARRETXEA
DONOSTIA

Mendi tontorretatik plazara, Izan Bidea ekimenarekin bat egiteko deia zabaldu du Sarek

Eguraldi txarrak zapuztu egin du Euskal Herriko 650 mendi tontor igotzeko Sarek, herriz herri sustraitu den laguntzarekin batera, larunbata honetan antolatua zuen ekimena. Eguraldi txarrak, ordea, ez du horren atzean dagoen auzolana eta indar metaketa zapuztu. Konponbidearekin konprometituta, maiatzaren 8ra atzeratu da.

Agerraldi jendetsua egin du goiz honetan Sarek, Donostian. (Gorka RUBIO I FOKU)
Agerraldi jendetsua egin du goiz honetan Sarek, Donostian. (Gorka RUBIO I FOKU)

Herriz herri, auzoz auzo, txikienetik handira, Euskal Herri osoan zehar indarrak batuta. Hilabeteetako lana izan da, auzolana, txingurriek egiten duten modukoa larunbata honetarako Sarek deituta zuen ekimenarekin bat egiteko. 650 mendi tontor hartu eta bertan Izan Bidea bandera jarri. Eta elkartasun horren argazkiak sareetan barreiatu. Zoritxarrez, baina, eguraldi txarrak, eta zenbait puntutan iragarrita dagoen elurrak, bertan behera uztera derrigortu du ekimena.

Penatuta bai, baina ez etsituta. Zailtasunei aurre egitea ohituta daudela berretsiz, ekimenaren antolaketak berak oso baliotsua den zerbait metatu baitu: antolakuntza, eta konponbiderako konpromisoa babesten duela jendartearen gehiengo zabal batek. Eta horrek bidean aurrera egiteko hauspoa eman die, dudarik gabe.

Goiz honetan Donostian egindako agerraldi jendetsuan Sarek baieztatu duenez, mendietako ekimena datorren maiatzaren 8ra atzeratu dute, eta larunbata honetarako beste proposamen bat luzatu dute: herrietako plazetan, nork bere etxean, lagunartean zein familian Izan Bidea ekimenarekin bat egiten duen orok argazkia egin eta Sarek horretarako ahalbidetu zuen telefonora bidaltzea, edo sare sozialetera igotzea #IzanBidea traolarekin. Euskal presoak etxeratzeko bidean, haiei sostengua azaltzea oso garrantzitsua dela adierazi dute. «Tontorretan irudikatu nahi genuen marea urdina herriz herri eta sarean irudika dezagun», eskatu du, gazteleraz, Joseba Azkarragak Sareren izenean.

«Beste behin ere, preso eta iheslariak bizi duten egoerari aterabidea e,an behar zaiola adierazteko mobilizatzeko prest agertu da euskal jendarte, eta horrek egiten ari garen lana norabide egokian egiten ari garela eta behar beharrezkoa dela erakusten digu», adierazi du Sareren izenean Bego Atxak.

Manifestazioa, urriaren 24an

Euskal Herriko mendi tontorretan zabaltzeko zen aldarria berretsi egingo da Donostiako kaleetan datorren urriaren24an, Sarek iragarri duenez, manifestazioa antolatu du. «Norabide berean urratsak ematen jarraitzeko asmoa dugu, aurrera egin nahi dugulako. Donostian elkartuko gara mosaiko erraldoi bat osatzeko Kontxako hondartzan».

«Mundu osoari», baina bereziki frantziar zein espainiar estatuei gogorarazi nahi diote hemen konponbidearen zain jarraitzen dugula. Euskal presoen %85a etxetik 650 kilometrora baino gehiago dago, motxiladun umeak ehun baino gehiago dira, larriki gaixo diren presoek kartzelean segitzen dute, emakume gehienak bakartuta daude eta lehen gradutik ez dituzte mugitzen preso ia guztiak. «Orain arte eman diren urratsal guretzat adabakiak baino ez dira. Etxera ekarri arte, bai, ondo esan dut, etxera ekarri arte ez dugu etsiko!», baieztatu du Azkarragak.

Kontatu duenez, Sare hainbat presori bisita egiteko aukera izan du eta haien hitzak eta esker onak helarazi nahi izan ditu agerraldian. «Parte hartu duzuen guztiei, zuen hondartxoa jarri duzuenei denei, eskerrak eman dizkigute bihotzetik, eta lanean segi dezagun eskatu digute», esan du.

Eta lan egiten segitzeko bide horretan, datorren urriaren 13an ekarpen berri bat iragarriko dutela aurreratu du momentuz, xehetasun gehiago eman gabe. Bitartean, bidea egiteko deia berretsi du: ««Izan gaitezen bidearen parte!»