NAIZ

‘El Hoyo’ eta ‘La trinchera infinita’, Oscar sarietarako bidean

Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak zuzendutako ‘La trinchera infinita’ eta Galder Gaztelu-Urrutiaren ‘El hoyo’ filmak sartu ditu Zinema Akademia espainolak Oscar sarietarako bere ordezkari posibleen zerrendan. Azaroaren 3an jakinaraziko dute ze pelikula lehiatuko den Nazioarteko Film Onenaren Oscar sariagatik.

‘La trinchera infinita’ filmak Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra eta Gidoi Onenaren saria eskuratu zituen 2019ko Zinemaldian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
‘La trinchera infinita’ filmak Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra eta Gidoi Onenaren saria eskuratu zituen 2019ko Zinemaldian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Zinema Akademia espainolak hiru pelikula hautatu ditu Oscar sarietan bere ordezkari izan daitezkeen filmeen zerrendan eta horietako bik euskal zigilua daramate: Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga gipuzkoarrek zuzendutako ‘La trinchera infinita’ eta Galder Gaztelu-Urrutia bilbotarraren ‘El hoyo’. Hirugarrena Oliver Laxe galizarraren ‘O que arde’ filma da.

Javier Rey aktorea izan da erabakiaren berri eman duena, Zinema Akademia espainolak egin duen ekitaldi batean. Iragarri dutenez, azaroaren 3an jakinaraziko dute hiru horietatik zein filme sartuko den Nazioarteko Film Onenaren Oscar sariaren lehian. Oscar sariak, aldiz, 2021eko apirilaren 21an banatuko dira Los Angelesen (AEB) egingo den galan.

Akademiako kideek 58 film luzeko zerrendatik hautatu dituzte ordezkari posibleak. Iaz baino 22 film gehiagoren artean egin dute hautaketa, Akademiako presidente Mariano Barrosok azaldu duenez, 2019ko urriaren 1etik aurtengo abenduaren 31ra bitartean aurkeztu diren edo aurkeztuko diren filmak hartu baitituzte kontuan, covid-19aren eraginez Oscar sariak beranduago banatuko baitira.

‘La trinchera infinita’ iazko Zinemaldian estreinatu zuen Moriartiko lantaldeak, eta Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra eta Gidoi Onenaren saria eskuratu zituen. Goya sarietan 15 izendapen bildu bazituen ere, emakumezko antzezle onenaren (Belen Cuesta) eta soinu onenaren saria soilik ekarri zituzten etxera. Pelikula 36ko Gerran abiatzen da eta Belen Cuesta eta Antonio de la Torre antzezleek osatutako bikotea du protagonista: errepublikazalea delako atxilotuko dutenaren beldur, senarra etxeko hormen artean ezkutatuko da eta hala emango ditu urteak, etxe barneko atxiloaldian.

‘El hoyo’ zientzia fikziozko satira film bat da, Galder Gaztelu-Urrutia bilbotarraren lehen lan luzea. Sitgeseko zinema jaialdian aurkeztu eta besapean lau sari zituela itzuli zen bertatik, eta itxialdi garaian Netflix-en gehien ikusi zen filmetakoa izan zen. Mundu garaikideko berekoikeriaren gaineko parabola da filma.

Hirugarren hautagaia Oliver Laxe galizarraren ‘O que arde’ da, kondenaren hiru laurdenak bete ostean etxera itzuli den piromanoaren istorioa kontatzen duen filma. Cannes-en Epaimahaiaren Saria eskuratu zuen Un Certain Regard atalean eta 2019ko Zinemaldian Perlak atalean eman zen.