Martxelo DÍAZ

Guraso elkarteek begi onez ikusten dute klasez kanpoko jardueren berreskuratzea

Lakuako Gobernuak eskolaz kanpoko jarduerak berreskuratzeko erabakia begi onez ikusten du Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioko (Ehige) zuzendari Lurdes Imazek, NAIZi azaldu dionez.

Errenteriako Telleri ikastetxea. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Errenteriako Telleri ikastetxea. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Lakuako Gobernuak eskolaz kanpoko jarduerak berreskuratzeko erabakia hartu du gaur. Begi onez ikusten du Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioko (Ehige) zuzendari Lurdes Imazek. NAIZi egindako adierazpenetan modu honetan normaltasunera itzultzeko aurrerapausu bat emateko aukera izango dute.

Bide horretan, aurreko astean goizeko bederatziak baino lehen eskolara doazen ikasleak jasotzeko zaintza zerbitzua martxan jarri zen. Hemendik aurrera, eskolaz kanpoko ekintzak hastea familien kontziliazioarentzat berri ona da Imazen arabera. «Inportantea da», nabarmendu du.

Klasez kanpoko jarduera hauek gurasoen elkarteen ardura dira, eta jantokiaren orduan eta klaseak amaitzerakoan antolatzen ohi dira.

Euskaraz antolatzen dira, ikasleei klasez kanpoko jardueretan hizkuntza honen erabilera normalizatzeko asmoarekin. Izan ere, konfinamendua indarrean zegoenean ikasle ugarik euskara erabiltzeko aukerarik ez zutela ikusi zuten. Berebiziko garrantzia ematen diote Ehigen hizkuntzaren elementu honi.

Formazio integrala

Imazek nabarmentzen duenez, klasez kanpoko jarduera hauek ikasleen formazio integralean kokatzen dira, hezkuntza akademikoaz haratago joanez. Kirolarekin batera kultura ere lantzen da jarduera hauetan, musika-tresnak edo ingelesa irakatsiz, adibidez.

Jarduera guztiak eskolarekin elkarlanean antolatzen dira eta segurtasunari dagokionez bermatuta dagoela azaldu du Imazek. «Eskolak jarduera hauek antolatzen tokirik seguruenak dira», nabarmendu du. Eskolak bete behar duen protokoloa ere jarraitu behar da jarduera hauek antolatzeko, eta Ehigen gurasoen elkarteentzako gida prestatzen ari dira. Horrela, eskoletan dituzten taldeen arabera antolatuko dira jardeuera hauek eta ikasleen zerrendak izango dituzte, arazoren bat balego ikastetxeari berehala abisatu ahal izateko.

Gurasoen elkarteen ardura da jarduera hauek antolatzea. Horretarako boluntarioen lana ezinbestekoa dela azpimarratzen du Imazek. Batzuetan, dena den, kontratazioak ere egiten dira. Jarduera hauen egonkortasuna bermatu ahal izateko udalen laguntza handiagoa izatea aldarrikatzen du Imazek.