ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek salatu dutenez, Gasteizko Gobernuak Arabako adinekoen egoitza pribatuetan deitutako hiru greba egunetatik lehena «galaraztea erabaki du, izan ere, gutxieneko zerbitzuen %100 dekretatu du, eta horrek sektoreko langileen greba eskubidea eragozten du».
Dena den, langileak kalera atera dira hitzarmen duin baten defentsan, eta kalejira egin dute Gasteizko Plaza Berritik Arabako Foru Aldundiaren egoitzara. Eta arratsaldean manifestazioa deitu dute, senide, pentsiodun eta erakunde feministekin batera, 18.30ean Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta.
«Gaurko mobilizazio egunarekin mezu garbi bat helarazi diogu Aldundiari berari: foru erakundeak ezin ditu bazterrean utzi ez zerbitzuaren kalitatea, ezta langileen lan baldintzak ere», nabarmendu dute.
Halaber, deialdia egin duten sindikatuek gogor kritikatu dute erabakia, helegitea aurkeztea aztertzen ari direla adierazi dute eta erakundeen utzikeria salatu dute.
«Dagoeneko 15 hilabete baino gehiago igaro dira Arabako diputatu nagusiarekin lehen bilera egin zenetik, eta ia urtebete lurraldeko zahar-egoitza handienekin azken bilera egin zenetik. Sindikatuek enpresen pasibotasuna eta Diputazioa bera salatu dituzte; izan ere, langileen, gehienak emakumeak, zaintza eta lan baldintzen sektorean prekarietatea salatzeko mobilizazioak hasi zirenetik ez dute mugimendurik egin», ohartarazi dute.
Hurrengo greba egunak azaroaren 11n eta 25ean izango dira.