Marcel PENA

Irati gurasoekin Euskal Herrira ekartzeko sinadura bilketa aurkeztu dute

'Irati gurasoekin Euskal Herrira' dinamikak sinadura bilketa martxan jarri du, neskatoa eta bere gurasoen eskubideak betetzeko eta Zaballako kartzelara gerturatzeko. Itziar Ituñok, Xabier Madariagak, Galder Perezek, Onintza Enbeitak edo Joxe Mari Agirretxe 'Porrotxek', Katixa Agirrek idatzitako dokumentua sinatu dute.

'Irati gurasoekin Euskal Herrira' dinamikak sinaduren bilketa martxan jarri dute. (Marcel PENA)
'Irati gurasoekin Euskal Herrira' dinamikak sinaduren bilketa martxan jarri dute. (Marcel PENA)

'Irati gurasoekin Euskal Herrira' dinamikak sinadura bilketa jarri du martxan, martxoaren 8an hiru urte beteko dituen neskatoa gurasoengandik, Aranjuezeko espetxean preso daudenak, ez banantzeko eskatuz. Gaur egungo egoera dela eta, iratigurasoekin.eus webgunea aurkeztu dute, non Irati eta bere gurasoak Zaballako kartzelara ekartzeko eskaria egiteko sinadurak biltzen diren. Gainera, neurriak eskatu dituzte, Zaballako espetxeak Irati eta bere ama eta aitaren eskubideak errespeta ditzan, hala nola «modulu mistoa zabaldu dezaten Zaballako espetxean eta Euskal Herriko espetxeen menpeko pisuak irekitzea, erregimen irekikoak».

Ostegun honetako ekitaldian, Lutxo Egia idazleak Katixa Agirreren «ezinegokiagoa eta ederra den» manifestu bat irakurri du, non haurren eskubideak oro har eta bereziki Iratirenak aldarrikatzen dituen. Testuan, Agirrek azaltzen duenez, «umeei mina egiteko modu ugari dago egun. Eta modurik zabalduena, orokortuena eta oharkabeen pasatzen zaiguna hurrengo pentsamendutik dator: umeak bigarren mailako pertsona gisa kontsideratzetik. Oraindik egin gabeko izakiak dira, kontatzen ez dutenak, entzun nahi ez ditugunak, gogaikarriak», eta honako hau aldarrikatzen du: «Feminismoak ideia iraultzaile hau zabaldu zuen: emakumeak ere pertsonak dira. Antzeko lelo iraultzailea bota beharra dago: umeak ere pertsonak dira».

Zentzu honetan, idazleak salatzen du «gauza gutxi behar dituela ume batek, baina badago bat guztiz beharrezkoa zaiona: gurasoen babesa, maitasuna eta gertutasuna. Iratik bere gurasoekin egoteko beharra dauka. Iratik bere gurasoekin egoteko eskubidea dauka. Eta berak ezin duenez ahotsa altxatu, hemen dauka gurea».

Estizen Artolak gogorarazi du bera ere motxila umea izan zela, eta 13 urte bete arte, aita urrunduta izan zuela espainiar Estatuko hainbat espetxetan. «Hemen nago etorkizunean ezin dugulako berriro gertatzen utzi, guk bezala, Iratik ere urte luzez guk sufritu dugun guztia berak ere bere motxilan sartu behar izatea», azaldu du Artolak. «Iratik eta gurasoak, familia bezala, eskubideak dituzte, zapalduak izango direnak. Beste haurrek bezala, Iratik eskubidea dauka gurasoekin eskolara joateko, parkean jolasteko edo urtebetzeak haiekin ospatzeko. Azken finean, ume zoriontsu bat izan ahal izateko», defendatu du.

Kazetarien izenean, Bizkaiko Hitzako Peru Azpillaga kazetariak gogoratu du «badugula ardura bat halako injustizien aurrean. Are gehiago, covid-19ak sortutako egoera honetan, izan ere, hainbat dira egunerokotasunean bizi ditugu trabak, eta traba horiek gainditu ahal izateko inoiz baino garrantzitsuagoa da denon ekarpena banako ekimenak aurrera ateratzeko». Traba horiek gainditzeko, iratigurasoekin.eus webgunea aurkeztu du on line sinatzeko, eta gogorarazi du garrantzitsua dela sare sozialetan lagunekin eta ezagunekin partekatzea.

Ostegun honetako 19:00etan Bilboko Arriaga plazan egingo den manifestazioan ere parte hartzera animatu dute antolatzaileek.

Sinatzaileak

Dagoeneko euren izenak eman dituztenen artean, Onintza Enbeita bertsolaria, Jon Arana, Lutxo Egia, Ane Zabala eta Galder Perez aktore eta kazetariak, Katixa Agirre, Yogurinha Borova kabaretaria, Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx', Karmelo Landa irakaslea, Amaiur Pagola kazetaria, Josu Bergara abeslaria, Mikel Losada aktorea, Gotzon Barandiaran idazlea, Itziar Ituño aktorea, Miren Amuriza bertsolaria, Xabier Madariaga kazetaria edo Karmelo Ikastolako Organo Gorena daude.

Dagoeneko 300 bat lagunek sinatu dute manifestua.