«Ez dago etxea bezalakorik», zioen Dorothyk «Ozeko Aztia» obraren amaieran. Kostata bada ere, Illunbeko eraberritze lanak amaitu baitira, Acunsa Gipuzkoa Basketek Illunben 2020/21 denboraldiari dagokion bere aurreneko partida jokatu ahal izango du larunbat hontan 18.00etatik aurrera Casademont Zaragozaren aurka. Ikuslerik gabe, baina etxean bederen, ea horrela Marcelo Nicolaren gizonek denboraldiko aurreneko garaipena lortzen duten, Real Madril eta Burgosi lanak eman eta Bartzelonaren aurka covid-19aren erruz neurketa bertan behera –hilaren 20ra atzeratu da norgehiagoka– geratu ostean.
«Partidarik jokatu ezean, lan karga handia pilatu dugu astean zehar. Gure jokoa hobetzeko eta gugan gonfidantza hartzeko balioko ote zigun lan honek guztiak», adierazi du Marcelo Nicola entrenatzaileak.
Argentinarrak azpimarratu nahi izan du ACB Ligako Fase Erregularra «iraupen luzeko lasterketa» bat dela, baina begibistakoa da edonorentzat, baita Nicolaren iritzirako ere, «irabaztea beti dela hobea».
«Irabaztea beti da hobe, baina lasterketa oso luzea, arnasa luzekoa da hau. Zaragozak gainera errespetu osoa merezi du, joan den denboraldiko talderik onenetakoa izan baitzen». Entrenatzaile argentinarraren ustez, Zaragozakoen «transizio jokoa» etetean asmatu behar da.
Larunbat arratsaldeko partidarako gainera, Julen Olaizola pibota berreskuratuko du Gipuzkoa Basketen entrenatzaileak –Mikel Motos, ordea, oraindik ez–, eta hala, Dino Radoncic hegaleko postura ere pasatzerik izan lezake Nicolak, jokalari handiekin jokatzea deliberatuko balu.
Esan behar partida hau berezi xamarra izango dela Dino Radoncicentzat ere. Izan ere, Zaragozako taldeak Gipuzkoa Basketen utzita jokatzen ari da Alemanian jaio arren Montenegroko hiritartasuna duen hegal-pibota.
Zaragoza, ez nahi bezain ongi
Iaztik ona jokalari askok errepikatzen badute ere, Casademont Zaragoza honek ez du iazkoaren itxurarik, ezta magiarik ere. Hasteko, Porfi Fisac entrenatzailea, Donostian ere hain ondo ezagutzen dutena, Kanaria Handira joan delako. Horrez gain, Carlo Alocen antolatzaile gaztea eta kapitaina, Real Madrilek eraman du, eta jokalari bikain askoak izanagatik –DJ Seeley, Nico Brussino, Robin Benzing, Jonathan Barreiro edo Dylan Ennis, esaterako–, Diego Ocampo galiziarraren pean oraindik ez dute beren maila ematen asmatu.
Ostegunean Burgosen aurka etxean jokatu zuen Zaragozak eta 86-100 galdu. Aurreneko hiru laurdenetan lehiakor izan ziren, baina azken laurdena 18-29 galdu zuten eta pikutara joan zitzaizkien aukera guztiak.
Emakumeen Endesa Liga
ACB Liga ez ezik, Emakumeen Endesa Ligako laugarren jardunaldia ere jokatuko da larunbat arratsaldean. IDK Euskotrenek Logroñoko Campus Promete hartuko du Josean Gasca kiroldegian 18.00etan. Ordu berean, Kutxabank Araskik lan zailak izango ditu Salamancako Perfumerias Avenidaren etxean eta Lointek Gernika Bizkaiak, aldiz, 18.30etan Ensino galiziarra izango du aurkari Malosten.
«Lanik egin gabe, patxadan, saskiratzeak lortuz bakarrik irabaziko dugula uste badugu, oker gabiltza, Liga honek hori baino maila altuagoa du», bota zuen Azu Muguruza IDK Euskotreneko entrenatzaileak joan zen astelehenean, bi egun lehenago Lugon galdu ondoren. Haserrea baretuta, Azu Muguruzarenek badakite nola irabazi Errioxako taldeari, baina hortarako Lugon baino defentsa zorrotzagoa erakutsi beharko dute.
Campus Promete, donostiarrak bezala, 1-2ko balantzearekin iritsiko da Josean Gascara. Azken jardunaldian 66-82 galdu zuen Estudiantesen aurka, baina adi ibili behar da Araskiko jokalari ohi Paula Estebasekin, jardunaldi hontan 27 puntu saskiratu zituen-eta.
Lointek Gernika Bizkaiak ere etxeko lanak ekarri zituen Gironatik, katalanen aurka minutuko puntu bakarra saskiratu zutelako –60-41 galdu zuten Mario Lopezenek–. Aldiz, Ensinok IDK Euskotrenen aurka 80 saskiratuz, hasiera petral bati buelta eman zion; hau da, ez dela nolanahi partidak bertan behera uzten dituen taldea.
Entrenamenduek talde jokoarengan konfidantza berreskuratzeko balio izan badute, Lointek Gernika Bizkaiak irabazi beharko luke, hala ere. Azken baten, bizkaitarren eskuan dago Gironan jazo zena istripua ala zeozer kezkagarriagoa izan ote zen.
Azkenik, Perfumerias Avenidaren aurka jokatzea oso zaila beti den arren, are eta lan zailagoa egokituko zaio Kutxabank Araskiri, Salamancakoek Wurzburg pabilioian ikusle gutxi batzuek sartzea ere lortu baitute.
Asteko albisterik onena Madelen Urietarentzat Tania Perez hegalekoa berreskuratu ahal izatea izan da. Bestetik, Roberto Iñiguez entrenatzaile gasteiztarrak ere Tiffany Hayes prest dauka jokatzeko; hau da, are eta indartsuago izango dela dagoeneko Emakumeen Endesa Ligako liderra.