Amaia Ereñaga

Mabi Revueltak artea eta bizitzaren arteko xake-partida proposatzen du Bilboko Alondegian

Historiako xake-partidarik artistikoenetako bat, 1851n jokatu zena, hartu du abiapuntu Mabi Revueltak Bilboko Alondegian gaur zabalduko duen erakusketa aparta osatzeko. ‘Acromática. Una partida inmortal’ izeneko proposamen ikusgarri honek adar eta zirrikito asko ditu, horien artean artearen paperaren inguruko hausnarketa sakona.

Mabi Revuelta, erakusketaren sarrera ikusgarrian. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Mabi Revuelta, erakusketaren sarrera ikusgarrian. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Ikusgarria da oso, txundigarria, dibertigarria eta, era berean, hausnarketarako bide sakonak zabaltzen ditu Mabi Revueltak (Bilbo, 1967) Alondegian ikusgai jarri duen erakusketak. Xakea hari eroale gisa hartuta, diziplina desberdinak, artearen inguruko hausnarketa eta bere ibilbidea berrikusten du oso modu bitxian, zirkularra, kolorez beteta.

Ibilbidearen lehen espazioan (‘Irekiera’ izendatu duena) kokatzen da ‘Naturaleza muerta con perlas negras’, aurrez berrikusitako eskultura-pieza bat, erakusketaren tonu poetikoa markatzen duena.

Bigarrenean (‘Joko erdia’ izenekoa), ‘Akromatiko’ proiektua osatzen duten hainbat lan hedatzen dira. Proiektu hau historiako xake-partidarik artistikoenetako batean oinarrituta dago: 1851n Adolf Anderssen eta Lionel Kieseritzkyren artean jokatutako hilezkorra.

Azkenik, azken espazioan (‘Partida amaiera’), ‘Denbora-lerroa’ dago: artistaren ibilbidearen laburpena, xakearen lau arotan oinarritua: erromantikoa, zientifikoa, hiper-modernoa eta dinamikoa.

Jokoaren unibertsoa

Mabi Revueltaren hitzetan, «‘Acromática’ piezen seriean, behin eta berriz itzultzen naiz jokoen unibertsora, oraingoan xakea eta haren arauen eta mugimenduen multzo berezia inspiraziotzat hartuta. Bi koloreko eremu txiki batean, munduaren ordenaren eta izaki eta gauzen patuaren hedapena ikusten dugu, izugarria eta larria. Eskulturaren, zinemaren, dantza garaikidearen, musikaren eta idazketaren bidez, jokoen erregearen kontakizuna egiten saiatzen naiz, haren mugetatik hara joz, metafora artistiko, intelektual, beliko eta bitalen bidez artikulatua».

Susana Blas komisarioak deskribatzen duen moduan: «Alderdi antologikoak artistaren ibilbidea berrikusten du, eta lau kategoriatan antolatzen ditu bere lana, xakearen historiako aroak definitzen dituztenak eta, aldi berean, diziplina unibertsal horri aurre egiteko eta jokatzeko lau aro direnak».

Mabi Revueltaren obrek gogoeta egiten dute bere lanean hasieratik agertzen diren gai unibertsalei buruz: errealitate-fikzio harremanak, generoen iragazkortasuna (literatura, arte eszenikoak, eskultura, marrazketa, ikus-entzunezko arteak), hezkuntza artistikoari buruzko ikerketa eta estrategia didaktikoen bilaketa ekintza artistikoa gizarte-aldaketaren eragile gisa baloratzeko.

Erakusketa Alondegia eta Madrilgo Tabacalera zentroen arteko koprodukzioa da. Tabacalerako La Principal aretoan izango da 2021eko otsailean.