Tolosako Asuncion Klinikak kaleratu duen azken oharrean aditzera eman duenez, erietxearen instalazio guztiak desinfektatu dituzte eta egoera epidemiologikoa «egonkortu» egin dela uste du.
Nolanahi ere, ospitaleratzea behar duten jarduerak (kirurgia eta larrialdiak barne) astelehenera arte atzeratzea erabaki dute. Hasiera batean ostegun honetarako aurreikusita zegoen ohiko jarduerara bueltatzea, koronabirus agerraldia kontrolpean zegoela-eta.
Horrela, zentroak paziente berriak hartuko ditu berriro, hurrengo asteetan langileen artean egingo duen prebentziozko PCRaren lehen txanda egin ondoren, pazienteen eta langileen segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko, oharrean azaldu duenez.
Ospitaleratutako pazienteen laguntzaileen murrizketa mantendu egingo da eta gela bakoitzeko gaixo bat egongo da. Klinikak nabarmendu duenez, neurri guztiak Lakuako Gobernuko Osasun Sailarekin adostu dira, eta lankidetza estuan ari dira lehen kutsatzeak antzeman zirenetik.
Erietxe horretan izan den koronabirus agerraldian guztira 41 lagun kutsatu dira, horietatik 35 langileak eta 6 ingresatuta zeuden pazienteak. Horren ondorioz, jarduera kirurgikoa bertan behera utzi behar izan zuen eta ospitaleratzea eskatzen zuten paziente berri guztiak Bidasoako Ospitalera bideratu zituzten, Irunera. Bisitak ere murriztu egin dituzte.
Klinika horretan bizi den egoera salatzeko eta Tolosaldearentzat osasun zerbitzu publikoa aldarrikatzeko manifestazioa egingo da larunbat honetan Tolosan.