«Je suis Charlie» lelopean estremismo islamista gaitzetsi eta adierazpen askatasuna defendatzeko mobilizazioek Estatu frantsesa hartu zutenetik ia sei urte igaro direnean, balore demokratikoen defentsa izan da gaur egin diren elkarretaratzeen aldarri nagusietako bat.
Arrazakeriaren aurkako erakundeek eta eragile bakezaleek deitutako elkarretaratzeek –‘Charlie Hebdo’ren babesa ere bazuten– Samuel Paty 47 urteko Geografia eta Historiako irakasleari omenaldia egiteko balio izan dute. Iragan ostiralean, Parisetik gertu burua moztu zion 18 urteko gazte batek, adierazpen askatasunari buruzko saio batean ikasleei Mahomaren karikaturak erakutsi zizkiolako.
Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzaren arabera, jatorri txetxeniarrekoa zen ustezko erasotzailea, Poliziak tiroz hil zuena. Gertakari honekin lotura dutelakoan, hamaika pertsona atxilotu dituzte azken orduetan.
Txalo zaparrada batekin hasi da, 15.00etan, Pariseko Errepublika plazako elkarretaratzea. 2015ean aipatu aldizkari satirikoaren aurkako erasoa bertan gaitzetsi zuten eta beste protesta asko ere toki berean egiten dira.
«Je suis prof» izan da bertaratutakoen ia ahobatezko eslogana. Mobilizazioetan nabarmena izanda irakasleen presentzia, beren lanbidearen garrantzia aldarrikatu eta gazteak balio demokratikoetan heztearen balioa nabarmentzeko.
Beste hiri askotan ere egin dira mota honetako elkarretaratzeak. Baionan, esaterako, jende andana bildu da suprefeturaren aurrean.
Elkarretaratzea Baionako suprefeturaren atarian. (Bob EDME)