NAIZ

Pandemiak euskalgintzari eragin dion kaltea murrizten saiatuko da Errigora ekimena

Koronabirusaren pandemiak euskalgintzari eragin dion kaltea (Korrika eta Sortzen eta ikastolen jaiak ezin izan dira egin, adibidez) murrizten saiatuko da Errigora. Nafarroako hegoaldeko ekoizleek eta euskaltzaleei arnas ematen dien ekimeneko antolatzaileek lan honen onuradunekin batera agerraldia egin dute gaur Donostian.

Sortzeneko idazkari eta koordinatzaile Aitziber Garmendia, AEK-ko Korrikaren arduradun Asier Amondo, Seaskako egutegiaren arduradun Ramuntxo Etxeberri eta Errigorako presidente Natxi Aranburu,Donostian. (ERRIGORA)
Sortzeneko idazkari eta koordinatzaile Aitziber Garmendia, AEK-ko Korrikaren arduradun Asier Amondo, Seaskako egutegiaren arduradun Ramuntxo Etxeberri eta Errigorako presidente Natxi Aranburu,Donostian. (ERRIGORA)

Urriaren 24an, larunbatarekin, ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’ kanpainaren 2020ko edizioa abiatuko du Errigorak. Urteroko tankeran, azaroaren 12ra arte Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko jakiez osatutako saskiak eskainiko dira eta, auzolanari esker, hauen balioaren %25 zonaldeko euskalgintzara bideratuko da. Aurten, iaz bezala, hiru saski eskainiko dira: beltza, betikoa, 50 euroko balioa duena, kanpaina honetako saski klasikoa; berdea, ekologikoa, 60 euroko balioa duena, produktu ekologikoz osatua, eta saski zuria, berezia, 70 eurokoa, gutiziaz osatua.

Auzolanak eta elkarlanak egiten dute kanpaina hau. Boluntarioen sare handi bat da Euskal Herriaren luze-zabalean, ehunka herritan, informazioa zabaltzen, eskariak jasotzen eta saskiak banatzen aritzen dena. Ezin ahaztu, era berean, AEKren, Ikastolen, Sortzenen eta Errigoraren arteko elkarlanaren emaitza dela kanpaina. Ematen duen diru-ekarpena Tuterako, Lodosako eta Vianako ikastolei, Erriberako AEKri eta Sortzenek zonaldean dituen proiektuei bideratzen zaie.

Elkarlanarekin batera, elkartasuna da kanpaina honen gako nagusietakoa. Eta, hain zuzen, pandemiak eragindako nahas-mahasari elkartasun handiagoz erantzuteko proposamena egingo diote Euskal Herriari. Tamalez, aurtengo ikastolen jaialdiak eta Sortzenen jaia ezin izan dira egin eta Korrikarik ez da izango datorren udaberrian.

Elkartasun gehigarria

Beraz, ohiko saskiez gain, elkartasun planteamendu gehigarri bat egingo dute aurtengoan: saski beltza eskatzekotan, aparteko bost euroko ekarpena egingo du eskatzaileak, trukean Korrikaren katilua jasotzeko eta AEKri diru hori zuzenean bideratzeko, Korrika ez egiteak eragingo dion diru galera arintzen laguntzeko; saski berdea eskatzekotan, aparteko bost euroko ekarpena egingo da, trukean Seaskaren egutegia jasotzeko eta Seaskari diru hori zuzenean bideratzeko, Herri Urrats ez egiteak eragin dion galera arintzen laguntzeko, eta saski zuria eskatzekotan, aparteko bost euroko ekarpena egingo da, trukean D ereduaren haziak jasotzeko eta Sortzeni diru hori zuzenean bideratzeko, urteroko jaia ez egiteak eragin dion diru galera arintzen laguntzeko.

Hortaz, aurten saski beltza eta Korrikaren katilua eskatuta, hamabi euro eta erdiko ekarpena egingo zaio zonaldeko euskalgintzari eta bost eurokoa AEKri; saski berdea eta Seaskaren egutegia eskatuta, hamabost euroko ekarpena egingo zaio zonaldeko euskalgintzari eta bost eurokoa Seaskari, eta saski zuria eta D ereduaren haziak eskatuta, 17 euro eta erdiko ekarpena egingo zaio zonaldeko euskalgintzari eta bost eurokoa Sortzeni.