Laugarren herri batean covid-19a detektatzeko azterketa handia jarriko da abian, ostegun honetatik aurrera. Jada Durangon, Zaldibian eta Ordizian horretan ari ziren, birusak duen hedapena gelditu nahirik, eta orain Urnietan ere horren beharra nabarmendu dute.
Azken 59 egunotan zazpi positibo gertatu dira herrian eta 100.000 biztanleko 1.000 kasuren langa gainditua da, 1.130ra helduz. Hedapenaren tasa 2,19koa da.
13 eta 40 urte bitarteko auzokide guztiak daude horretarako deituta. Lakuako Osasun Sailak jakitera eman duenez, pilotalekuan egingo dira PCR probak, ostegunean 15etan hasi eta 19.30ak arte. Ostiralean Salestarren ikasleei egingo zaizkie eta daitekeena da larunbatean lanaren segitzea, beharrezkotzat jotzen bada.
Udalak erantsi duenez, Egape eta Magale ikastetxeetan ere probak egingo dituzte.
PCR egin ahal izateko, aldez aurretiko hitzordua eskatu behar da, Urnietako osasun-etxera (943 006680) edo 900 203050 telefonora deituta.
Udalak zenbait neurri hartu zituen astelehenean jada, udal gune gehienak itxiz, ikastaroak bertan behera utziz eta kultur eta kirol jardunak ere geldiaraziz. Jorge Segurado alkateak elkarlana eskatu die herritarrei, eta zehatzago familia arteko bilerak eta lagunekin aurreikusita diren topaketak bertan behera uztea eskatu die.