NAIZ

Bere historiako datu eskasenak ditu erasoan Acunsa GBCk ACBn

Real Betisen aurka galdu ostean jaitsiera saihestu nahi badu, Acunsa GBC taldeak asko hobetu beharko ditu erasoko datuak. Donostiarren batezbestekoa 60 puntukoa da besterik ez, eta datu horiek bere historiako okerrenak dira Ligako momentu honetan. Andorraren aurkako larunbateko partida bertan behera geratu da aurkarian dauden zenbait Covid-19 kasurengatik.

Acunsa GBCko jokalariek arazoak dituzte puntuak egiteko. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Acunsa GBCko jokalariek arazoak dituzte puntuak egiteko. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Acunsa GBCk garaipen bakarra du poltsikoan ACB Ligako 2020-21. denboraldian. Casademont Zaragozaren aurka lortu zuen puntua, iragan urriaren 10ean, 70-67 irabazita. Geroztik, porrotak besterik ez dituzte jaso Marcelo Nicolarenek: zazpi guztira.

Horren arrazoietako bat da puntu gutxi sartzen dituztela. Adibide gisa, donostiarrak ez dira 80 puntura iritsi jokatutako partida guztietan eta euren batezbestekoa 60 puntukoa da besterik ez. 70-86 galdu zuten Real Madrilen aurka; 77-90 San Pablo Burgosen kontra; 87-60 Bartzelonan; 85-76 Obradoiren etxean; 72-100 Fuenlabradaren aurka, 80-61 Estudiantesen pistan eta 74-62 Betisen kontra.

GBCk Liga hasiera okerragoa izan zuen duela bost urte, Jaume Ponsarnau entrenatzailearekin, 0-9ko balantzea baitzeraman garaipen-porrotetan. Ondoren zenbakiak hobetzea lortu zuen talde gipuzkoarrak, baina kategoriaz jaitsi egin zen azkenean.

Hala ere, denboraldi hartako bederatzigarren jardunaldian puntuazio hobea zeramatzaten jokalariek –588 puntu; orain, aldiz, 544–. Marcelo Nicolaren jokalariek kontuan izan beharko dute datu hau lehenbailehen suspertzeko.

Duela bi aste, momentu horretan azkena zen Fuenlabradaren aurka galdu zuen Acunsa GBCk, eta Betisen aurka –sailkapenean donostiarrekin berdinduta zegoen– nahiko erraz galdu zuen.

Bertan behera larunbateko partida

Asteburu honetan Ligako 13. sailkatua den Andorrak –3 garaipen eta 4 porrot– bisita egin behar zuen Donostiara, benetan partida garrantzitsua izango zena gipuzkoarrentzat. Baina partida bertan behera geratu da aurkarian izandako zenbait Covid-19 kasu dela-eta. GBCk adierazi duenez, ACBk zehaztuko du partidaren data berria.

Partida horretarako duda zen oraindik Jaime Echenique pibot kolonbiarra. Taldeko jokalari onena da Liga hasiera honetan eta Betisen aurka ezin izan zuen jokatu. Beraz, denbora gehiago izango du osatzeko.