EuskoTren Larrialdiei Aurre Egiteko Bideak (LABI) igandean emandako argibideei jarraituz, ordu jendetsuenetan zerbitzua indartzeko bideragarritasun teknikoa aztertzen ari da.
Sozietateak jakinarazi duenez, bere gaitasunaren «ia %100» eskaintzen ari da lanegunetako eguneko zerbitzuetan, hala trenetan nola Bilbo eta Gasteizko tranbietan. Une honetan, gaueko tren zerbitzua bakarrik dago mugatuta, azken irteerak 00.00etan egiten baitira beranduen.
Garraio publikoaren sektorearen gainerakoan gertatzen den moduan, EuskoTrenek bidaiarien beherakada nabarmena izan du pandemian, goizeko edo arratsaldeko ordu tarte jendetsuenetan bidaiari gehiago izaten diren arren.
Pandemia hasi zenetik, EuskoTrenek etengabe monitorizatu du egoera bere garraiobideetan, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak hartu ahal izateko.
Sozietate publikoak azaldu duenez, maiztasuna gehitzea eta ohiko ordutegiak aldatzea planteatzeko kontuan izan behar dira trenek eta tranbiek dituzten muga espezifikoak, hala nola azpiegituraren beraren gaitasuna, trafikoa arautzeko seinaleen sistema, segurtasun neurriak eta tren edo tranbia unitateen kopuru mugatua.
Garraio publikoko enpresek Larrialdiei Aurre Egiteko Bideak (LABI) egindako gomendioei era koordinatuan erantzuteko asmoz, neurriak EAEko Garraio Agintaritzaren (EGA) Garraioa Koordinatzeko Mahaiaren bileran landuko dira. Bilera hori ostegunean egingo da, azaroaren 5ean.