Erronka edo egitasmo berri honetarako, baso-igel gorriaren erruteak hartu dituzte aitzakia moduan Aranzadiko herpetologoek. Zehazki, baso-igel gorriaren banaketa mapa berria sortu nahi dute, jendeari ekarpenak egiteko aukera emanez eta, aldi berean, herritarrei espezieari buruzko informazioa helaraziz.
Urriaren erdialdean hasi dira Euskal Herriko mendi askotan baso-igel gorriak arrautzak erruten. Poltsa lirdingatsu formako arrautza multzoak dira erruteak. Erraz identifikatzeko modukoak, gainera.
Baso-igel gorriaren arrautzak. (ARANZADI)
Hori dela-eta, nahiko modu errazean ikusten dira, eta herritarrei arreta ematen die sarri. Hala, aipatu proiektua aurrera eraman ahal izateko, Twitter eta Instagram sare sozialetan #TxioBatPutzuan traolaren erabilera sustatuko du Aranzadik, parte hartu nahi dutenei argazkiak bidaltzeko eskatuz.
Hiru pauso sinple jarraitu behar izango dira: baso-igel gorriaren errute bat ikusitakoan, bi argazki atera behar dira: putzuarena, bere osotasunean, eta errutearena gertutik. Ondoren, putzuaren ubikazioa eta UTM koordenatuak hartuko dira, eta herriaren izena jarri. Azkenik, sare sozialetan argitaratuko dira bai argazkiak eta bai ubikazioa, #TxioBatPutzuan traolarekin.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailak, sare sozialetan jasotako datuekin baso-igel gorriaren banaketa mapa bat sortuko du, eta sare sozialetan zintzilikatu, jendeak espeziearen distribuzioa ezagutzeko. Era berean, animaliaren fenologia nola aldatzen den ere ikusi ahalko da. Lekuan-lekuan garai ezberdinetan erruten dutela nabarmen geratuko da.
Proiektu honekin, herritarrak ingurumenean barneratu nahi dira, eta anfibioen mundua, biologia eta kontserbazio egoera haien artean ezagutarazi.
Espezie arrunten garrantzia
Baso-igel gorria espezie arrunta den arren, eta bere banaketa eremua nahiko ezaguna bada ere, oraindik ere hutsune asko gelditzen dira Euskal herriko mapan bete gabe. Izan ere, askotan inguruko espezie arruntenak dira zientziaren arreta gutxien jasotzen dutenak. Horiek, ordea, informazio oso garrantzitsua eman dezakete etorkizunean gerta daitezkeen aldaketei begira: klima aldaketa, habitat suntsipena, biodibertsitate galera… horri, era berean, Europa mailan Habitat arteztaraueko V. Eranskinean babestua dagoen espeziea dela gehitu behar zaio. Horrek guztiak oso interesgarria egiten du espezie honen egoera.
Hori dela-eta, herritarrei, espeziari buruzko informazioa ez ezik, zer ez den egin behar ere adieraziko zaie motzean. Esaterako, errutea ikustean argazkia atera baino ez da egin behar. Erruteak ez dira ukitu behar, ezta lekuz mugitu behar ere, eta gutxiago hartu etxera eramateko.
Horiek guztiak gaixotasunei aurre egiteko eta translokazioak saihesteko neurriak dira, eta herritarrek egin behar ez direnak ere ezagutu behar dituzte, Aranzadiren esanetan.