Txapelketa eta partida onak behar ditu esku pilota profesionalak azken hilabeteetako liskarrak ahaztu eta pilotazaleen arreta bereganatzeko eta giro nahasi honetan, inoizko Buruz Burukorik azkarrena prestatu dute enpresek amu gisa.
Zubizarretaren berrikuntza nagusiarekin, 12 pilotari eta lau asteburu izango ditu txapelketak eta edozer gerta ere, ez omen da inolako atzerapenik onartuko. Finalean ere ez omen da atzerapenik aurreikusten eta finalistetako batek jokatzerik izango ez balu, finalerdietan tantorik gehien egiten dituenak jokatuko luke txapela irabazteko lehia.
Enpresek esan dutenez, txapelketa egungo osasun arauak kontuan izanda prestatu dute, hau da, pilotalekuetan jendea dela, 400eko mugarekin eta, printzipioz, ez dute pilotalekuak hutsik direla jokatzea aurreikusten, nahiz eta gauzak asko alda daitezkeen hurrengo egunetan.
Espero bezala, araudian bi aldaketa nagusi izango ditu 2020ko Buruz burukoak, sakeko pasa koadro erdi aurreratuko baita, zazpitik sei eta erdira, eta Aspe eta Baikoko pilotariak elkarren aurka aritzen direnean enpresako aholkulari edo botilero bat izango dute kirolariek.
Kirol alorrari dagokionean, Bilboko Arte Ederren museoan egindako zozketak izan du mamirik, bereziki D adarrean, Altunak Peña II.aren aurkako kanporaketa aurrera aterako balu, Joseba Ezkurdiaren aurka jokatu beharko lukeelako final laurdenetan.
Lehiaketa koadroa
A Zubizarreta/Dario (ostirala, Ataun)—>Irribarria
B Jaka/Bakaikoa (igandea, Eibar)—>Urrutikoetxea
C Bengoetxea/ Agirre (larunbata, Amurrio)—> Elezkano
D Altuna III/Peña II (igandea, Eibar)—>Ezkurdia