NAIZ

Hendaiako Itsas ospitaleko egoliarren artean 29 covid-19 kasu antzeman dituzte

Hendaiako Itsas ospitalean covid-19ren agerraldi bi antzeman dituzte. Orotara 29 egoliarrei diagnostikatu diete gaitza. Zentro horretan elbarritasun fisiko zein gaitza neurologiko larriak dituzten pazienteak artatzen dituzte. Pandemia hasi zenetik, bertan lan egiten duten 600 bat langileren artean «hogei bat kasu positibo» izan direla aitortu du zuzendaritzak.

Bertan bizi izan zen gazte batek Itsas ospitalean eginiko argazkia. (http://www.jesuistetra.com)
Bertan bizi izan zen gazte batek Itsas ospitalean eginiko argazkia. (http://www.jesuistetra.com)

Hendaiako Itsas ospitalean 29 covid-19 kasu antzeman dituztela jakitera eman du Delphine Bart zuzendariak, ‘Sud-Ouest’ kazetak argitaratu duen berriaren arabera.

Bi agerraldi ezberdin antzeman dituzte azken asteotan ezintasun fisiko zein neurologiko handiak dituzten pazienteak artatzen dituen erietxean.

«Gure eskura izan diren baliabide guztiak eman ditugu plantan, hala nola heltzen zaigun egoliar berri bakoitzari PCR proba egiten diogu, baina hala eta guztiz ere birusa sartu da», azaldu du Bartek.

Horrela antzeman zuten orain dela hamabi bat egun kasu bat. Erietxean ingresatu aitzin negatiboa eman zuen egoliar baten laguntzaileak eman zuen positibo.

«Informazio hori eskuratu bezain pronto pazientea isolatu genuen baina nonbait beranduegi zen». Kasu horrekin harremanean izan ziren sei bat pertsonek positibo eman ondoren unitate berezi batean isolatzeko erabakia hartu zugen erietxean.

Zuzendariak nabarmendu duenez esgaitasun neurologiko larriak dituzten pertsonak artatzen dituen zerbitzu horretan «ez zen gauzagarri osasun protokoloak ezartzen dituen baldintza guztiak, maska eramateko beharratik hasita, ongi betetzea».

Horrendako sekzioa bere osotasunean isolatzeko hautua egin zuen zuzendaritzak.

Egun, unitate horretan 36 egoliar daude eta horietatik 26k positibo eman dute PCR proban. Nahiz eta pertsona zaurgarriak izan denak asintomatikoak dira.

Lehen agerraldia azaldu ondoren berriz ere prebentzio neurriak bizkortu bazituzten ere, bigarren kluster bat agertu zela neurologia konplexuaren zerbitzuan azaldu du joan zen irailaz geroztik zuzendari postuan dagoen Delphine Bartek.

3 egoliar positibo antzeman zituzten baina kasu horretan beraien geletan isolatzeko aukera hobetsi zuen zentroak.

Kualifikazio berezia duten osasun langileek jarduten dute Hôpital de Paris sarean txertatzen den Itsas erietxean.

600 bat langile ditu erietxeak eta horien artean «hogei bat positibo» antzeman dituztela pandemia hasi zenetik onartu dute oraingoan zentroko arduradunek.