Imanol Carrillo

Bera Berak eraman du garaipena ZEV Zuazoren aurkako derbi parekatuan (23-27)

Azken emaitzak kontrakoa dirudien arren, oso partida parekatua jokatu dute gaur arratsaldean ZEV Zuazok eta Super Amara Bera Berak Barakaldon. Donostiarrak bigarren zatian, 44. minututik aurrera, hasi dira garaipena eskuratzen, 0-3ko partzial bati esker.

ZEV Zuazo eta Bera Beraren arteko partida oso parekatua izna da. (Monika DEL VALLE/FOKU)
ZEV Zuazo eta Bera Beraren arteko partida oso parekatua izna da. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Derbiek normalean izaten duten ezaugarria izan du gaur arratsaldeko Zubileta Evolution Zuazo eta Super Amara Bera Beraren arteko partidak: berdintasuna. Pentsa, atsedenaldira 11-11ko emaitzarekin joan dira bi taldeak.

Hala ere, Ligako liderra den Bera Berak bere maila erakutsi du bigarren zatiko minuturik garrantzitsuenetan eta kolpe galanta eman dio azkenean Barakaldoko taldeari.

Bizkaitarrek eta gipuzkoarrek oso neurketa berdintsua jokatu dute lehenengo zatian. Ederki hasi dira kanpokoak. Bera Berako jokalariak Superkopan galdu ostean iritsi dira Barakaldora, eta ez zuten garaipena berriro alde egiten utzi nahi. Hala, 0-2 ipini dira hasiera-hasieratik Maitane Etxeberria eta Manuela Pizzoren golei esker.

Hala ere, segituan berdintzea lortu dute etxekoek, aurreko astean Kopan lortutako garaipenak bultzatuta. Ez hori bakarrik, aurretik ere jarri baitira (3-2, 3:38 minutua). Hortik aurrera berdinketak ugariak izan dira: 3-3, 5-5, 6-6, 7-7, 8-8, 9-9 eta 11-11.

Bigarren zatiak berdin jarraitu du. Alba Sanchezek etxeko taldea aurretik ipini badu, Ariana Cardosok, bi minutu eta gero, berdintzea lortu du.

Eta horrela joan da neurketa hurrengo minutuetan. Aipatzekoa da 16-15ekoarekin, Maitane Etxeberria Bera Berako jokalariak pista utzi behar izan duela aurpegian jasotako kolpe baten ondorioz. Klubak partida ondoren jakinarazi duenez, jokalariak haustura du sudurreko hezur propioetan, baina sudur-trenkadan edemarik gabe. Bera Berak gehitzen duenez, hasiera batean ebakuntza egin gabe jarri ahal izango diote haustura berriro ere.

Partida minutu batzuk egon da geldirik, baina ez batak eta ez besteak ez dute markagailuan alde egitea lortu hurrengo jokaldietan.

17-18koarekin, Zuazok ez du aukera garbi bat sartu kontraerasoan eta Adriana Cardosok – partidako golegilea izan da, 8 gol sartuta– ez du barkatu beste atean. Joseba Rodriguez ZEV Zuazoko entrenatzaileak partida geratu behar izan du 48. minutuan bere jokalariak animatzeko.

Ez du funtzionatu, Esther Arrojeriak 17-20koa sartu baitu. Jarraian Magdalena Fernandez-Agustik Bera Berak zuen 0-3ko partziala apurtu du, baina hor geratu da bizkaitarren erreakzioa eta garaipena Donostiara joan da (23-27).

FITXA:

Zubileta Evolution Zuazo (23): Alba Sánchez (5), Esti Velasco, Ainhoa Hernández (1), Ari González, Isi Fernandez-Agusti (3), Maider Barros (1), Maddi Aalla, June Loidi (1), Ane Encina, Naia Puigbo (1), Maddi Bengoetxea (5), Anne Erauskin (2), Mada Fernandez-Agusti (4), Ane Romero eta Ana Arozamena.

Super Amara Bera Bera: Alice Fernandez, Esther Arrojeria (4), Mariane Oliveira (3), Manuela Pizzo (1), Nekane Teres (2), Sara Gil (1), Alba Menendez (2), Laura Hernandez (3), Malena Cavo, Maitane Etxeberria (2), Maria O’Mullony, Adriana Cardoso (8), Ainhoa Etxeberria, Mirene Moreno eta Renata Lais.

Epaileak: Javier Alvarez eta Yon Bustamante.

Partzialak bost minuturo: 3-3, 3-5, 6-5, 6-6, 9-9 (atsedenaldia), 11-11, 13-13, 15-14, 17-17, 18-20, 20-23, 23-27 (amaiera).