Aspeko lau pilotarik, inor gutxik esperoko zituztenek, jokatuko dituzte Buruz Buruko finalerdiak Danel Elezkanok eta Jokin Altunak gaur Astelenan lortutako garaipenen ondotik. Bizkaitarrak erraz antzean irabazi dio Asier Agirreri (22-9) eta Jokin Altunak lana erruz eginda gainditu Joseba Ezkurdia (18-22).
Final aurreratutzat jo zuten askok amezketarraren eta arbizuarraren artekoa eta halakoxea suertatu da gaurkoa. Ikusgarria baino, gogorra eta erritmo bizian jokatutakoa, orekatua eta detaile txikietan erabakitakoa. Eta hortxe egon da Jokin Altunaren garaipenaren giltza, gauzak argiago izan eta gutxiago barkatzean. Esaterako, ezkerrez pilota bikain gurutzatu duen arren, hiru bat aldiz tematu da nafarra pilota txokoan goxo uzten eta hortxe egon da bere porrotaren gakoetako bat, bere burua saldu eta Altunak ez duelako bukatu. Halaxe amaitu du partida gipuzkoarrak eta berdin-berdin hartu du Altunak partidako agintea, lehia ordura arte zazpina berdinduta egon ostean.
Jokatutako erritmoan normala ere izan daiteke ideiak lainotzea, bi pilotariek ez diote eta aurkariari arnasarik hartzen utzi. Eta giro itogarri horretan askoz erosoago aritu da Altuna III.a defentsan zuzenago eta, batez ere, askoz gutxiago oparitzen. Ezkurdiak emandako bakoitzari etekin handia atera dio amezketarrak eta halaxe lortu du finalerdietarako txartela, azkenerako Ezkurdia gerturatu zaion arren.
Elezkano, hasi eta buka
Amaierarako partida bukatzea apur bat kosta zaion arren, erakustaldi bat eman da sartu da Danel Elezkano, hirugarren urtez jarraian, finalerdietan, Asier Agirreri 22-9 irabazita. Zaratamokoak kolpez motza dela esaten jarraitzen badu ere, argi dago bere dohainei zukua ateratzen oso iaioa dela eta gaur ere oso lehiakorra dela berretsi du.
Sakean koadro erdi kendu badiete ere, Danel Elezkano ez da gauza berriak asmatzen erotu, bere betiko bonbeatutako sake gurutzatuarekin jarraitu du, distantzi berrira egokitua, noski, eta hor egon da bere garaipenaren zati handi bat, batez ere hasiera ikusgarri batean.
Lehen pilotakadarekin min izugarria egin dio Zaratamokoak Oinatz Bengoetxearen aurka horren lehiakor aritu zen Asier Agirreren aurka eta Arrotxapeakoa konturatzerako, partida oso maldan gora jarri zio, Aspekoa 19-1 aurreratu baita. Pilota oso bizi ibili du bizkaitarrak eta huts bakarra gora joan zaion pilota batean heldu da.
Azkenerako, nekatuta edo, zerbait itzali eta partida amaitzea kosta zaion arren, Agirrek, arrisku handiak hartuta, markagailua txukuntzea lortu badu ere, Erik Jaka larritzeko moduko partida jokatu du Danel Elezkanok, garaipen handia lortuz.
FITXA TEKNIKOAK:
Elezkano II.a: 22
Asier Agirre: 9
Pilotakadak: 197. Iraupena: 48,35 minutu. Markagailua: 5-0, 51, 19-1, 19-3, 20-3, 20-7, 21-7, 21-9, 22-9. Sakeak: 6 Elezkano II.ak eta 0 Asier Agirrek. Tantoak: 10 Elezkano II.ak eta 5 Asier Agirrek. Hutsak: 4 Elezkano II.ak eta 6 Asier Agirrek. Gorabeherak: Publikorik ez Eibarko Astelenan jokatutako partidan. Jokin Etxaniz eta Unai Apeztegia aritu dira botilero lanetan.
Ezkurdia: 18
Altuna III.a: 22
Pilotakadak: 287 Iraupena: 58,51 minutu. Markagailua: 1-0, 1-4, 3-4, 3-5, 4-5, 5-7, 6-7, 7-7, 7-11, 8-11, 8-14, 10-14, 10-17, 14-17 14-20, 15-20, 15-21, 18-21, 18,22. Sakeak: 2 Ezkurdiak eta 2 Altuna III.ak. Tantoak: 13 Ezkurdiak eta 12 Altuna III.ak. Hutsak: 6 Ezkurdiak eta 4 Altuna III.ak. Gorabeherak: Enpresa bereko bi pilotari izanda, ez da botilerorik izan.