UNICAJA 104 - ACUNSA GIPUZKOA BASKET 69
Gutxi egin liteke aurkariak 31 puntu laurden batean sartzen dituenean. Eta bi laurdenetan gertatzen bada halako erauntsia, are gutxiago. Egia da askoz hobetu defenditu litekeela, baina 32 hirukotik 16 sartzen baditu Unicajak, Gipuzkoa Basket ekaitzaren azpian aterkirik gabegeratu da.
ACB Ligako azken postuan dira donostiarrak, eta Malagakoa lako jipoiak jasoz gero, are gehiago. Marcelo Nicolarenek ahaleginak egin dituzte, bai, baina defenditu ezean, jai dago maila honetan. Unicajak kalitate handiko jokalariak dauzka eta hauek martxan jarri direnean, airean eraman ditu donostiarrak.
Izan ere, gaitzerdi aurkari bakarra izan balitz hirukoetan asmatzen: Francis Alonso, Waczynski, Bouteille, Alberto Diaz... Marcelo Nicolak partida bezperan esan zuen moduan, Unicajaren kanpoko jokalariek sekulako mina eman diote talde donostiarrari aurreneko laurdenean, eta andaluziarren defentsak, nahiz eta Echenique itzuli ondoren eguzki apur bat izan duten Nicolarenek, ez du erantzuteko abagune handirik laga gipuzkoarren artean.
Hala, atsedenaldira 51-41 «bakarrik» galtzen joatea ia balentria izan da Gipuzkoa Basketentzat. Izan ere, aurreneko laurdena 31-18 amaitu eta gero, partida hausteko aukera pasatzen laga du Unicajak. Batetik, Echenique beraren lanari esker. Uztaipean Ruben Guerrero erraldoiaren aurka arazo gehiago izan arren, Gerun ukrainiarra baino gehiago izan da. Bestalde, Jan Span Gipuzkoa Basketeko antolatzaileak halakoren baten denboraldi aurrean erakusten zuen eskumutur fina berreskuratu du. Esloveniarrak hiru hiruko jaurtiketa kateatu ditu eta donostiarrak hamar puntuz azpitik ere jarri dira uneren batean.
Egia da Unicaja talde irregularra dela –are gehiago Jaime Fernandez oraindik bere punturik onenean ez dagoelako eta Gal Mekel antolatzaile israeldarra min hartuta dagoen honetan–, baina meritu handia izan du Gipuzkoa Basketen bigarren laurdenak. Andaluziarrek boladaka bakarrik erantzun dute, Brizuela edo Francis Alonsoren bidez. Ondorioz, 51-41 «bakarrik» galtzen iristea atsedenaldira ia balentriatzat jo behar da Marcelo Nicolarenen gizonentzat.
Azkenean, egurra
Hirugarren laurdenaren amaieran 73-57 geratu da markagailua. Ikuspuntu erralista batetik, kitto, baina itxura txukuna eman du Marcelo Nicolaren taldeak, batez ere Echenique, Radoncic eta Johnny Deeren bidez. Unicajak Bouteille eta Gerun aurkitu ditu eta, bada, aldea atera dio Malagako taldeak azken hamar minutuen faltan.
Hala ere, azken hamar minutuak hondamendia izan dira donostiarrentzat. Brizuela, Waczynski eta Francis Alonsok 11-0eko partziala sartu diote Gipuzkoa Basketi. Alegia, markagailua 84-57 jartzen den unetik aurrera, ez dagoela bueltarik, belarrondoko galanta baino.
Une horretatik aurrera atzerako kontagailua zerora iritsi arteko denbora amaitezina izan da, Nicolarenek besoak jaitsi dituzte eta. Unicaja aurkari gogorra da, baina defentsa hain biguna erakutsita, oso zaila izango du GBCk partidak irabazteko aukerak sortzen ere.